GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Martxel Toledo Garmendia ESAITeko kidea

Indarrak bilduz, ofizialtasuna!

Kirol arloan, politika arloan eta arlo juridikoan zintzoki ekinez gero, ofizialtasuna lortzea posible da. Horretarako borondatea eta determinazioa behar dira.

Azken hauteskundeek utzitako emaitzen arabera, ukaezina da Euskal Herrian aldaketa politikoaren ziklo berri baten atarian gaudela. Eta egoera berri honek, guztion partetik urrats berriak, saiakera berriak, estrategi berriak eskatzen ditu. Euskal Herria aintzat hartuta, aurrera egiteko garaia da, ezin garelako betiko eskemetan diseinatutako estrategia antzuetan erori eta kikilduta, besoak gurutzatuta gelditu. Beraz, konplexurik gabe, ausardiaz jokatuz, aurrera egin behar dugu.

Abenduaren 28an, San Mames futbol zelaian, euskal selekzioak Tunisiakoaren aurka jokatuko du bere Gabonetako partidua. Iaz, bi urteko eten baten ondoren eta mezu argi bat plazaratuz, euskal futbol jokalariek berriro zelaira bueltatzea eta euskal selekzioa ordezkatzea erabaki zuten.

Ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera argudiatuz berriro prest zeudela, beraiei dagokien lekuan, alegia, futbol zelaian, Euskal Herriko selek- zioaren ofizialtasuna lortzeko bidean lehiatzeko, eta horretarako, zintzoki, bota behar duten izerdia botatzeko. Baina aldi berean, Euskadiko futbol federazioari, betiko aitzakiak alde batera utzita eta etekin ekonomikotik harago joanez, ofizialtasunaren bidean ahalegin pixka bat egiteko eskatzen zioten, munduko beste edozein futbol jokalarik bezala, bakoitzak bere selekzioarekin lehiatzeko eskubidea aldarrikatzen zutelarik.

Baina Euskadiko futbol federazioak, futbolari horien eta euskal gizartearen gehiengo handi baten eskaerari entzungor eginez, betiko estrategian ainguratuta jarraitzen du, alegia, etekin ekonomikoan oinarrituta, Gabonetako partidua antolatzen. Eta noizbehinka, besteren bat, lagunartekoa jakina, nazioartean antolatzen. Baina ez du ofizialtasunaren bidean aurrera egiten, ez du elkarlanean urrats berririk eman nahi, horretarako aukera ezberdinak egon arren, eta «ez da posible, ezin da» argudioa erabiltzen jarraitzen du.

Aipatu bezala, aldaketa politikoaren uneak bizitzen ari gara Euskal Herrian eta zentzu horretan ezin gara eskuak gurutzatuta gelditu, eginez egin eta urratsez urrats egin behar dugu aurrera. Eta nahiz eta Espainiak eta Frantziak oztopoak jarri nazioarteko erakundeetan beraien presio eta esku-hartze politikoaren bitartez, ez dugu inongo zalantzarik ofizialtasuna lortzea posible dena, besteak beste, TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegiak argi eta garbi adierazi duelako, Kataluniako Bowling Federazioari arrazoia emanez, nazioarteko federazioak erakunde pribatuak diren heinean, Estatuak eta Gobernuak ez dutela bertan erabakitzeko eskubiderik. Eta hori baieztatzen duten txostenak egon badaude.

Beraz, uste dugu, egoera berri honek, ofizialtasuna ardatz hartuta, guztioi, urrats eta saiakera berriak egiteko aukera zabalak eskaintzen dizkigula, eta horiek ausardiaz eta zintzotasunez jositakoak izan behar dutela.

Argi dago euskal jendartearen zati handi bat Euskal Herriko selekzioa nazioartean eta txapelketa ofizialetan ikusteko irrikan dagoela, horretarako egindako inkestetan, manifestazioetan eta antolatutako ekimenetan ikusi izan dugun modura. Beraz, elkarlanean oinarrituta aurrean dugun apustuari heltzeko garaiak dira. Zentzu horretan eta aurreko prentsa agerraldian aipatu genuen bezala, ESAIT, kirol arloa, politika arloa eta arlo juridikoa oinarri hartuta, proposamen berriak lantzen ari da. Eta kontzienteak izan arren ofizialtasunaren aldeko ibilbide honetan Espainiaren eta Frantziaren atzapar beltzekin topatuko garela, uste dugu Euskal Herriko selekzioen aferari aipatutako hiru eremuetatik guztiok zintzoki helduz gero, ofizialtasuna lortzea posible dela. Baina horretarako, borondatea eta determinazioa behar dira.

Euskal Herriak nazioarteko txapelketa ofizialetan bere selekzio propioarekin aritzeko eskubidea du. Baina guztiok dakigu eskubide hori irabazi egin behar dugula, herri honen etsai diren horiek ez digutela doan emango, jakin badakitelako, kirol selekzio batek nazio batentzat duen garrantzia. Ikusi besterik ez dago «la rojak» munduko futbol txapelketa irabazi zuenean zer gertatu zen. Beraz, guk ere eman diezaiogun ofizialtasunari behar duen garrantzia.

Zentzu horretan eta «Indarrak bilduz, ofizialtasuna» leloarekin, asteazkenerako, abenduak 28, Bilboko Areatzean egun osoko aldarrikapen egitaraua prestatu dugu. Uste dugulako Euskadiko Federazioak antolatutako futbol partiduaz gain, ofizialtasuna aldarrikatzeko eta indar metaketa egiteko, oso eremu eta une egokia dela. Beraz, bertan ikustea espero dugu. Gora Euskal Herriko selekzioa!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo