Mikel Aramendi Kazetaria
Isilka, habe nagusia aldatzen
Hitzarmenaren lehen atala, egungo munduko merkataritza harremanen zentzugabekeria handienetako bat zuzentzera letorke: Asiako bi ekonomia handienek, gaur egun, beste baten monetaz baliatuz egin behar dituzte elkarren arteko salerosketa potoloakGeurean egin beharreko obra horrek etxekonekoa dardarka ipiniko duela ondotxo dakigunean jokatu ohi dugun era horretxetan egin dute munduko bigarren eta hirugarren ekonomiek: Gabon egunean eginiko bileraren ondorengo ohartxoan jakinarazi dute, beste mila gauza arranditsurekin nahasian (Ipar Korea, eta abar); berehalakoan, haren ondorioak hutsaren hurrengoak izango direla ziurtatu dute... Ea oharkabean geratzen den hastapena. Munduko finantza sistemaren habe nagusia aldatzen hastea ahuntzaren gauerdiko eztula balitz bezala. Hala ere, honez gero argi gorria piztuta egongo da nonbait.
Hitz gutxitan esanda, kontua da Txinako eta Japoniako gobernuburuek bi herrialdeen monetak -renminbi edo yuana, eta yena- zuzenean trukatu ahal izatea adostu dutela; eta, aldi berean, Japoniako zenbait konpainiatzarri, baita JBIC bankuari ere, Txinak yuanetan jaulkitako altxor bonuak erosteko baimena eman dietela. Inor asaldarazteko moduko berriak ez dirudite, baina... Hitzarmenaren lehen atala, egungo munduko merkataritza harremanen zentzugabekeria handietako bat zuzentzera letorke: Asiako bi ekonomia handienek -munduko bigarrenak eta hirugarrenak-, gaur egun, beste baten monetaz baliatuz egin behar izaten dituzte elkarren arteko salerosketa potoloak.
Hau da: Japoniak, bere tratu-kide nagusia den Txinarekiko, edota Txinak, bere tratu-kideetan bigarrena den Japoniarekiko salerosketa gehienetan dolarrak erabili behar dituzte. Horrek erabiltzaileentzat eragiten duen endredo eta kostu gehitua ez ezik, In God we trust dioten papertxo berdeen inprimatzaileari ematen dioten ahalmena ulertzea ez dela zaila iruditzen zait.
Hu Jintao eta Yoshihiko Noda-ren Gabon hitzarmenaren bigarren atala ilunxeagoa da, baina aurrekoaren norabide berberean ulertu behar da. Txina, munduko -eta oso bereziki, Ameriketako Estatu Batuetako- zor subiranoaren edukitzaile nagusia izaki, ez da zor jaulkitzaile handia; eta yuanetan egiten dituen jaulkipenak hutsaren hurrengoak dira... gaurkoz. Munduko zorraren bigarren edukitzaileak diren japoniarrei txinatar bonuak erosteko baimena ematen, ordea, dolarrari (eta askoz maila apalagoan, euroari) helarazten dioten mezua dardararazlea da: «Zuen finantzen zamariak izaten aspertzen ari gara».
Eta habe nagusia da hori guztia egungo munduaren diru kontuetan. Urteak zeramatzan Txinak -krisia hasi zenetik, gutxienez- dolar estatubatuarraren erreserba tasuna munduko moneta nagusien artean osatutako sorta batez ordezkatu behar zela aldarrikatuz. Alferrik. Azkenean, etsi eta ardura horietan kide duten auzoko beste erraldoiarekin tratu zehatzetan hasteko garaia dela erabaki dute, antza, Pekinen. Premiagatik edo, gainera, ez diote muzin egin akordioa Japoniaren Aurkako Fronte Bateratua sortu zeneko 75. urteurrena betetzen zen egunean plazaratzeari. Joanak joan, yuana eta yena zaintzeko garaia da eta.
Hitzarmenari AEBetan nolako harrera egiten zaion ikusi behar orain. Duela dozena bat urte euroaren sorrerarekin gertatu zena gogoan, hobe baikorrak ez izatea.