Donostiako Euskararen Patronatua udal egituran txertatuko da urtarriletik aurrera
GARA | DONOSTIA
Euskararen Udal Patronatua udal egituraren barruan egongo dela adierazi zuen atzo Nerea Txapartegik, Donostiako Kulturako eta Euskarako ordezkariak. Gaurko udalbatzan ekimena behin betikoz aurrera ateratzen bada, eta koalizioak hala aurreikusten du, urtarrilaren 1ean txertatuko litzateke udal egituran. Aldaketa honi esker, tresna eraginkorragoa izango dela baieztatu zuen.
Bilduren hizkuntza politikari jarraituz harturiko erabakia da: «Udal gobernu honen lehentasunetako bat euskara da, gure hizkuntzaren erabilera normalizatzea, kanpora begira eta barrura begira, eta benetako elebitasuna bermatzea».
Txapartegiren hitzetan, atal guztien arteko elkarlanerako bideak jorratzea erraztuko du; eta elkarlan horri esker, lan bikoizketa, alegia, duplizitatea, saihestuko denez, udal baliabideen optimizazioa ekarriko du: «Eraginkortasunaz ari gara».
Beste arrazoietako bat da, hain zuzen, hizkuntza normalizazioa lortzeko bideratzen diren ekintzek duten zeharkako izaera. Euskararen Udal Zerbitzuak euskara plana bideratzeko ardura nagusia badu ere, udal osoak du planaren helburu nagusia betetzearen erantzukizuna, euskara lan hizkuntza izan dadin beste administrazioekiko eta udal barruko harremanetan.
Organigramari dagokionez, langileek baldintza berberak izango dituzte patronatua desegin eta zerbitzu bihurtzen denean.
Hiru ataldun zerbitzua
Zerbitzuaren ezaugarriei dagokienez, honek hiru atal izango ditu: Udaleko Hizkuntza Normalkuntza Atala, barrura begira arituko dena; Hiriko Hizkuntza Normalkuntza Atala, kanpora begira lan egingo duena, eta azkenik Itzulpen Atala.
Atal hau zerbitzuan bigarren fase batean txertatuko dela iragarri zuen Euskarako ordezkariak; izan ere, gaur egun Giza Baliabideen atalaren barruan dago, baina, aurki, Euskara Zerbitzuan txertatuko da. Hala, Udalaren hizkuntza politikaren garapenerako zerbitzu osoagoa eskaini ahal izango dute. Biak elkartuta eta udal egituran txertatuta izanik, hizkuntza normalkuntza eta itzulpengintza, alegia, zerbitzu osoagoa eskaintzeaz gain, baliabideei etekin hobea ateratzea ahalbidetuko du.