GARA > Idatzia > Kultura

Ekonomikoki itota, «Nabarra» aldizkariak ateak itxi ditu

Hamar urtez argitaratu den «Nabarra» aldizkariak ez du jarraipenik izango urtarriletik aurrera. Diru laguntza faltak, publizitatearen merkatuak hondoa jotzeak eta finantza arazoek bultzatu dute horretara. Euskalgintzaren egoera larriaz ohartarazi du Irati Jimenez zuzendariak.

p041_f01_148x103.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Euskalgintza oso kinka larrian dago eta herri erakundeen bultzada erabatekoa eta benetakoa falta zaio», nabarmendu du Irati Jimenezek, «Nabarra» aldizkariaren zuzendariak. Izan ere, egoerak gaindituta, aldizkaria ixtea baino beste irtenbiderik ez dute topatu arduradunek.

Nabarrak Kultur Elkarteak Nafarroan abiatu zuen egitasmoari segida ematen saiatu dira Bizkaian azken urte eta erdian, «Foru Gobernuaren diru laguntza falta salatu zuten orduan eta guk, milatik gora harpidedun zituela ikusita, Bizkaian sortu genuen kultur talde txiki bat, nolabait `Nabarra' aldizkariari jarraipena emateko, jakinda hasieratik zaila genuela egoera ekonomikoari buelta ematea», azaldu du Jimenezek. 2011ren bukaeraraino eustea lortu dute, baina «diru laguntzen kudeaketa sistemak ito» egin ditu.

Laguntza gutxi eta berandu

Lakuako Gobernuak, datorren urterako diru laguntzak ezerezteaz gain, 2011rako agindutakoa oraindik ez ordaindu izana salatu du Jimenezek. «Momentuz ez du banatu 2011rako aitortuta digun dirua eta ez dugu uste Errege egunaren bueltara arte banatuko duenik», aurreratu du. «Hasteko, oso-oso berandu esan du aurten, iaz baino beranduago eta jada iaz oso berandu jakinarazi zuen, zein izango den komunikabide bakoitzari emango dion diru kopurua. Abenduaren erdia pasa arte ez digu esan zenbat jasoko dugun. Horrek esan nahi du urtean zehar gastua egin dugula, jakin gabe gero gastu hori ordaintzeko moduan egongo ote ginen».

Paperaren krisia aipatzen den garaiotan, «Nabarra» aldizkariak ez du, zuzenean behintzat, arazo hori pairatu. Urte hauetan lortutako mila harpidedunetik gora bukaeraraino mantendu ditu. «Apenas nabaritu dugu krisialdi ekonomikoaren astinaldia zentzu horretan. Horregatik ematen digu `Nabarra' agurtzeak halako atsekabe berezia. Halako harpidedun kopuru handia hilero eskuratzen zuten produkturik gabe geldituko da».

Azken urte eta erdian gastuak nabarmen murriztu dituzte, baina, ustekabean, hori ere kontran etorri zaie: «Sistema ekonomikoaren tasun surrealistetariko bat da; aldizkari batek zenbat eta diru gutxiago behar, baliabide propio gutxiago dituela kontsideratzen da, eta, beraz, diru laguntzetan ere aukera gutxiago du dirua lortzeko. Beraz, gastu gutxiago genuen, baina espero genuena baino askoz gutxiago eman zaigu».

Momentuz hileroko aldizkariarekin ez dute jarraituko, beraz, baina «`Nabarra' mantxeta hori ez da ezerezean disolbatuko», aurreratu du Jimenezek. Dagoeneko badituzte proiektu batzuk. «Azken aro honetan argitaratu izan ditugu azaleko irudiarekin bat zetozen gai nagusi edo monografikoak. Gure proiektu kuttunena izan da eta nahiko genuke liburu moduan sortaka atera».

Bukatzeko, erakundeei eskaera bat egin die: «Euskalgintzan ari garen guztiok badakigu hobetzen jarraitu behar dugula nahitaez. Sormena, borondatea, gogoa, ilusioa eta lana eginez saiatu behar dugu jendea liluratzen eta gugana erakartzen. Euskalgintzari askotan eskatzen zaizkio kontuak, ez daitezela beti diru laguntzen zain egon, irudimena erabiltzeko aurrera egiteko... Bada, guk ere, erreklamazio berdin-berdinak egiten dizkiegu».

2012a, euskalgintzaren «zulo beltza»

Iazko apirilean hartu zuen Irati Jimenezek «Nabarra» aldizkariarekin aurrera jarraitzeko ardura. Orduan Jon Orzaiz gidari zuen proiektuaren arduradunek Nafarroako Gobernuaren diru laguntza falta salatu zuten eta bertan jarraitzea ezinezko zela jakinarazi zuten. «EAEn kexatzen bagara, pentsa Nafarroan. Guk sala dezakegu EAEn, modu suabean esanda, administrazioak ez dituela gure produktuaren eta euskalgintzako gehienen erritmoak ulertu. Bere erritmo kafkiano hori jarraitu du eta hor galdu gara», azaldu du Jimenezek. Nafarroako Gobernua «euskararen kontra erasokorra» den bitartean, «EAEko erakundeek beste modu batean sinesten dute euskara sustatzeko ahaleginean», uste du Jimenezek, baina gero, «errealitatera gatozenean eta krisi honen erdian», egoera oso bestelakoa da. «Ez dakit 2012 nolakoa izango den euskalgintzarentzat. UEUren kasua ezagutzen dugu. `Berria' egunkariak ere abian jarri du kanpaina, bere jarduera aurrera ateratzeko orain dituen baliabide propioekin ez duela aski esateko. Beste aldizkari bateko zuzendari batek esaten zidan lehengo batean 2012an zulo beltz handi bat ikusten dutela eta ez dakitela nola lortuko duten zulora ez sartzea batetik, eta, bestetik, eroriz gero bertan ez galtzea». A.A.

ABENDURA ARTE ZAIN

2011rako diru laguntzak abenduan jakinarazi zituen Lakuak eta oraindik ez ditu banatu. «Horrek esan nahi du urtean zehar gastua egin dugula, jakin gabe gero gastu hori ordaintzeko moduan egongo ote ginen», nabarmendu du Irati Jimenezek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo