GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garitano: «Gutxiengoan gobernatzearen funtsa da gainerakoekin ados jartzea»

Bildu Gipuzkoako Aldundira heldu zenetik sei hilabete igaro dira. Geroztik, beste alderdiekin lortutako akordioak goraipatu zituen ahaldun nagusiak, eta gizarte politikak berebiziko garrantzia izango duela erantsi zuen.

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Lehenengo ehun egunak igaro zirenean bezala, Gipuzkoako Aldundiak aurreneko sei hilabeteetako balorazioa egin zuen atzo eta politika soziala, zerga erreforma, bidesariak edota Bilduk gainerako alderdiekin lortutako akordioak aipatu zituen Martin Garitano ahaldun nagusiak, Helena Franco, Jon Uriguen eta Ander Rodriguez diputatuez inguratuta. Azken gai horri dagokionez ohartarazi zuen batzuek proiektu gabezia eta borondate eza leporatzen bazieten ere, koalizioa guztiz kontrakoa egiteko gai dela, eta izan dela, Batzar Nagusietan gehiengorik ez eduki arren. Halaber, eurena Gipuzkoan ezkerreko politikak ezarri dituen lehenengo Gobernua dela iritzi zuen.

Sei hilabete hauek «zailtasunez betetako bidea» izanik, eta murrizketak egunerokoaren osagaia izanik, datorren urtean lehentasuna pertsonek izango dutela aurreratu zuen, azpiegitura handiak alboratuz. Arlo soziala beraz, Garitanoren exekutiboaren erronka handienetako bat izango da, eta horregatik, «egoera ekonomikoak erakunde hau eta gainerako guztiak baldintzatuko dituela jakitun izanik, arduraz eta ausardiaz jokatzeko konpromisoa» hartu zuen.

Egindako urratsak

Dagoeneko hartutako neurriak iragarri zituen. Adinekoentzako eguneko egoitzetan, 275 leku berri ahalbidetuko dira, eta horri esker itxarote zerrendak %23 murriztu. «Gastu publikoa handitu eta egokitu dugu -esan zuen-, eta horrek balio erantsia du beste administrazio gehienak murrizketa basatiak ezartzen ari direla kontuan hartuta». Hain zuzen, gizarte politikaren arloan Lakuak duen jarrera kritikatu zuen, bere iritziz, «Gipuzkoan pobreziak gora egitea eragingo duelako».

2012ko aurrekontuak EAJrekin lortutako akordio bati esker onartu ziren, eta horrek aurrekoak luzatzea ekidin zuen. Aurrekontuak %13,3 jatsi diren arren, gizarte politikara bideratutako dirua %7 baino gehiago handitu dela nabarmendu zuen Garitanok. Gainera, aurrekontuak nahi bezain parte-hartzaileak izan ez direla onartu ostean, datorren urtean bide horretatik joko dutela iragarri zuen.

Erreforma fiskala izan da koalizioak, beste alderdi batzuekin lortutako adostasunari esker, hartutako neurrietako bat. Kasu honetan, PSErekin eta Aralarrekin. Politika fiskal bidezko eta progresiboa eskuratzea da helburua, eta gogorarazi zuen bide horretan, foru arauak aldatu direla Batzar Nagusietan, Ondarearen Zerga berrezartzeko eta PFEZa bidezkoagoa egiteko. «Ez da krisi garaian diru gehiago biltzeko taktika [...], gutxien dutenak babesik gabe ez geratzea» baizik.

Bilduk norabide honetan are gehiago sakonduko duela iragarri zuen ahaldun nagusiak, eta «aldaketa gehiago» proposatuko dituela Aldundiak.

Autokritika ere egin zuen, hobetzeko gauzak ere badirela onartuz. Esaterako, zerga bilketari dagokionez, bai alde kualitatiboan, bai kuantitatiboan. «Kualitatiboki hobetu beharra dago, fiskalitate aurrerakoia eta bidezkoa nahi dugulako, eta kuantitatiboki, errekurtsoak falta direlako». Bi alderdi horiek uztartzeko modua gastuak diru-sarreren arabera antolatzea dela esan zuen.

PPrekin ere lortu du akordioa koalizioak, Aralarrekin batera, Etxegaraten bidesaria jartzeko ekimena geldiarazteko. Hala, Gipuzkoako errepideen finantziazioaren inguruko eztabaida mahai gainean jarri dela esan zuen, eta hain zuzen, horretarako eratu da Batzar Nagusietan lan taldea, Aldundiaren iritziz funtsezkoa baita errepideak ez finantzatzea soil-soilik gipuzkoarren zergekin.

GIPUZKOA SAREA

Aldundiaren arabera, aurreko agintaldikoen Gipuzkoa Aurrera-k itxurakeriatik asko zuen. Diru lerroa beste modu batean kudeatu daitekeela sinetsita, lan eta ekonomia arloko eragile guztiekin, Gipuzkoa Sarea ehuntzen hastera deitu zuen Garitanok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo