GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

«Presoak eta hilak ere bai»

Laurentina Intxaurregi joan den larunbatean hil zen. Emakume zaharra zen, asko bizi izandakoa. Ez ondo, ordea. 36ko gerra baino lehen jaioa, gerra eta gerra ostea bizi izan zituen gaztetan, eta ondoren frankismoa eta frankismo ostea. Frankismoa bukatu baino lehen, semea, sasian zela, atxilotu eta Espainiako kartzela batean giltzapetu zuten. Franco hil ondoren atera zen, eta berriro ihesari eman. Badira 26 urte bigarrenez atxilotu zutela, eta Frantziako kartzeletan lehenik eta gero Espainiakoetan eman ditu urte horiek. Giltzapean segitzen du, berrogei urteko borrokan.

Semea etxean ikusi gabe joan da Laurentina, Euskal Herriko aita-ama asko bezala. Eta barkamenik eskatu gabe ere joan da. Hori ere biktimak iraintzea ote da? Nolanahi ere, berari ere inork ez dio barkamenik eskatu. Egingo nuke bost axola ziola barkamen-eske horrek. Laurentinak ere, gure amaren herriaren ondokoa izaki, ikusiko zituen gaztetan falangistek eta erreketeek areketara botatako fusilatuen gorpuak.

Haren semeak seguruenik liburu bat irakurtzen igaroko du urte zaharretik berrirako tartea, edo, beharbada, lagunen batekin leihotik hitz egiten, une oro ama gogoan. Agian ez dio orduari erreparatuko eta konturatzerako beste urte batean bizi dela ohartuko da. Ez da ezer berezirik nabaritzen. Segundo bat da, gutxiago, ezin atzeman daitekeen denbora tartetxoa.

Gurean, une bertsuan, urtero bezala, gure amak, beste askok legez, negar egingo du, Tere Gamarrakoa eta presoen ama guztiak gogoan, eta Blanka Antepara eta seme-alabak borrokan galdu dituztenak, eta preso eta iheslariak. Eta Laurentina.

Gutxi gorabehera badakigu, edo imajina dezakegu, nola igarotzen duen Gabon zaharra euskal preso batek. Eta nola, non igaroko dute Ekaitz Samaniego gasteiztarrak eta beren militantzia politikoagatik urteetako kartzela zigorrak ezarri dizkieten gainerako gazteek? Barruan ondo ez, kanpoan ere ez.

Euskal amen negarra eragingo dute oraindik, baina herri honetan gero eta lagun gehiagok gero eta argiago du: «Euskal Herria diagu zai/ presoak eta hilak ere bai». Urtarrilaren 7a azpimarratuta dago milaka eta milaka euskaldunen agendan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo