GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Immobilismoa mugiarazten

Taula mugitu dugu, baina orain herritarroi tokatzen zaigu beste jokalaria mugimendua egitera behartzea. Momentu honetako lanik garrantzitsuena da

Gabonetako opariak estreinatzen diren sasoi honetan, PPk ere bere hegemonia espainola estreinatu berri du. Alternatiba politikoaren legearen eta krisialdi ekonomikoaren kudeaketak aurrekoei pasatutako fakturaren ondorioz lortu du hegemonia hori, eta, hasierako argazki, aurpegi alai eta titularren ostean, korapiloari ekin, ekin beharko dio.

Herritarren kezka nagusia egoera ekonomikoa dela behin eta berriro esateak ez du lortuko bestelako «arazo» batzuk estaltzea. Ezikusiarena eta ezentzunarena egiteak Euskal Herria existitzen dela, Euskal Herria subjektua dela eta Estatuak Euskal Herriarekin daukan gatazkak bere horretan dirauela estaltzen ez duen bezala. Hala ere, Rajoy, galegoen kontura askotan esaten den legez (eta barkatu sustrai galegoak dauzkazuenok), badirudi eskaileretan gelditu dela, ez gora eta ez behera, kieto. Immobilismo politikoa deitzen zaio horri eta immobilismo politikoak ez dauka emaitza onik, ez behintzat luzera begira.

Zeren eta epe laburrera helburu batzuk bete litzake: denbora pasatzen utzi, prozesua gelditu, denbora irabazi ea zer gertatzen den ikusteko, eta, denbora gestionatzen dutela, pausoak eman dituztenak egonezinaz zamatu, presio soziala mugitu diren horiengana desbideratu, alegia.

Baina erabakiak hartzeko momentua beti heltzen da. Eta espainiar gobernuari ere helduko zaio. Kontua da noiz eta kontua da nora. Erabaki horiek atzera ere har daitezkeelako. Eta, gainera, erraz. Legea betetzea iparrorratz, erabaki politikoen erantzukizuna botere judizialaren esku utz lezake berriz ere. Atzera egin ahal du, beraz, atxiloketa eta epaiketekin errepresioan sakontzeko. Aukera hori baliatzeko prest daudelako adibidea eman digute azken egunotan.

Lehenago edo beranduago baina, erabakiak hartu hartu beharko ditu. Eta PPk aukera badu. Alde batetik, jakin badakielako bestelako errezetek porrot egin dutela, eta, bestetik, PSOEk edukiko lukeen oposizio bortitza -eurek osatuko luketena, jakina- izango ez duelako. Gatazka politikoan mugimenduak egiteko aukera izatez gain, ibilbide orria ere marrazturik dauka. Aieteko konferentzian ondorioztatu zenez, gatazka badago, izaera politikoa dauka eta gatazka politiko horren ondorio zein arrazoiei irtenbidea eman behar zaie. Rajoyk Amaiurri ez dio ezer zor, baina bai euskal herritarroi, denoi, Amaiur bozkatu dugunoi, baina baita PPri botoa eman diotenei ere.

Urte latza daukagu 2012a. Latza eta pisutsua. Ezin dugulako utzi bidegurutze horretan hartuko den norabidea batzuen komenientziaren araberakoa izan dadin. Eta hori ez da lortuko etxetik begira -lan gatazkak mahai baten bueltan soilik konpontzen ez diren bezala-. Taula mugitu dugu, baina orain herritarroi tokatzen zaigu beste jokalaria mugimendua egitera behartzea. Momentu honetako lanik garrantzitsuena da. Motu proprio egiteko asmorik ez badaukate, bide horrek balioko ez diela salatu behar dugu, gogor eta indartsu, kalea hartu, presioa egin, egun zehatzetan eta egunero, gatazka politikoa faltsuki zarratzea aukera ez dela erakusteko, benetako konponbidea nahi eta behar dugula aldarrikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo