GARA > Idatzia > Kultura

Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea

Musikaren ikastaroak

Sarean hainbat informazio lor daiteke eta, halaber, oso denbora laburrean. Sareak eskaintza zabala bezain bideratua utziko digu ordenagailu pantaila aurrean. Dena den, dena ez dago sarean. Sareaz harago bada oraindik kultura, nahiz eta milaka aldiz esaten diguten kultura guztia sareak eman dezakeela.

Internetek ez du kultura guztia. Bultzatzen ari den heziketaren erreformaren ahaleginik nagusiena ordenagailua umeen eskuetan jartzea da (ume bat ordenagailu bat, eskola 2.0), baina hori ez da irtenbide bakarra. Pentsatzen bada ume batek (edo adineko pertsona batek) ordenagailuarekin kultura guztia duela eskura, oker gabiltza. Heziketak beste maila asko ditu.

Azken hilabetean Euskal Herriko musikaren ikastaroak antolatu dira. Euskal Herriko rock, folk, jazz eta pop musikaren historiaren ikastarook beste dimentsio bat eman nahi izan dute, modu teorikoan zein praktikoan.

Jakintza ez da bizitzarako apaingarri bat; jakintzak edukiz beteta egon behar du bere edukiontzietan. Musikaren historiak eta praktikak single hutsaren gainetik egiten du hegan.

Euskal Herriko musika historiaren ikastaroaren helburu teorikoak gure musikaren corpus bat eraikitzea eta hori erakustea da. Euskal Herriko musikaren pasarte historikoak kantuen entzuketekin lotuz.

Gertakari bati bere abestia dagokio. Musika datu historiko soiletatik ihesean, ikastarook aterpea eskainiko diote musikaren sakontze eta hausnarketari.

Musikari ezagunek sorkuntzaren bideak biluztu dituzte, euren trikimailuak erakutsiz kantuak egiteko orduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo