Babesgabeenek eragin dezaketen iruzurra, hutsala zerga-iruzurraren aldean
Gasteizko Udalak aurrera darama iruzurraren aurkako gurutzada. Nori ez zaio ondo irudituko besteak beste iruzurrari aurre egiteko ardura duenak horretarako ahaleginak egitea? Hala ere, Gasteizko Udalak erroldaren datuen gaineko kontrola zorroztuz ardura hori betetzen ari dela sinestarazi nahi badu ere, babesgabeenen aurkako neurri hutsala baino ez da. Alde batetik, iruzurraren kontrako neurriak ez dira krisialdian bakarrik hartu behar, erakundeek edonoiz egin behar baitiote aurre iruzurrari. Eta, bestetik, inork ez dezala espero Gasteizko Udalak iruzurra bukatzeko abiatutako sistemak krisia leunduko duenik. PPko udal gobernuaren obsesioa iruzur soziala da, eta, abian jarritako sistemaren bidez, erroldatuta egon gabe gizarte laguntzak jasotzen zituzten hamalau lagun topatu ditu. Barregarria gertatzen da babesgabeenek eragin dezaketen iruzur hutsal hori horren setatsu jazartzea eta zerga-iruzurra dela-eta kezkarik ez agertzea. Zerga-iruzurrak askoz eragin handiagoa du zor publikoan, eta Gasteizko Udalak -eta gainerako instituzioek- hamalau lagunen «iruzur soziala» bukatzeko besteko ahalegina egingo balu dirudunen iruzurra salatzen eta agerian jartzen, diru-kutxa publikoek nabaritu egingo lukete.