GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteak bai baina inozoak ez direla argitu du EGK-k diru laguntzen murrizketa salatuta

PSE agintean dagoenetik, diru laguntza ia erdira murriztu diote Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari. Krisiaren aitzakiarekin, «murrizketa ekonomikoz jantzitako kolpe politikoa» dela uste du gazte erakundeak.

p016_f01.jpg

GARA | BILBO

Inuzenteen eguna baliatu zuen atzo Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) Bilboko Arriaga antzokiaren aitzinean erakundeak bizi duen egoeraren larritasuna agerrarazteko. «Gazteak bai... inozoak ez!» zioen pankartak ondo baino hobeto adierazten zuen beren haserrea. Izan ere, azken hiru urteotan Lakuako Gobernuak eta Gasteizko Legebiltzarrak ia erdira murriztu dute gazte erakundeari eman ohi zion diru laguntza.

EGKren aburuz, «arrazoi ekonomikoetatik harago» doan jokamoldea da. Are, PPren laguntzarekin PSEk egin dituen murrizketen atzean, arrazoi «politikoak» sumatzen dituzte.

2009an 331.000 euroko partida onartu zuen aurreko gobernuak. Alta, PSE agintean dagoenetik murrizten joan da aipatu diru laguntza, eta, aurten, 174.000 eurotan geratu da. EGK-k ez du uste krisiarengatik izan denik eta «murrizketa ekonomikoz jantzitako kolpe politikoa» dela salatu du.

Batiste Ezeiza gazte topagunearen presidenteak, Lakuaren politikaren adibide bat jarri zuen. «EGKrentzat aurreikusita zeuden 30.000 euro gazte hiritartasunari buruzko jardunaldi batzuetan erabili nahi ditu Blanca Urgell Kultura sailburuak». Gazteek ez dute ulertzen gazteria politika hori. «Nolatan etor daitezke gazte hiritartasunari buruz hitz egitera, aldi berean antolatuta dauden gazteei herritartasun hori gauzatzeko baliabideak murrizten dizkigutenean?», galdetu zuten.

Horiek horrela, gazte erakundearen egoeraren «larritasuna» nabarmendu zuten. Kontseiluko bederatzi langileetatik zazpik jardunaldi eta soldata murrizketak jasan dituzte jada. Ondorioak ez dira, ordea, giza baliabideetara mugatzen, laguntzen urritasunak esku artean dituzten proiektuen mugatzea ere ekarri baitu; horrek, noski, gazte erakundearen «lana ahultzea» eragin du.

Hori da, hain zuzen ere, Lakuako Gobernuari leporatzen diotena. EGK-k egiten dituen ekarpenak aintzat ez hartzea ere salatu dute; izan ere, oso argi dute PSEk ez duela beren erakundearen aldeko «apustua politikoa» egiten, baita, sortu nahi duen Gazteria Institutuarekin, EGKren funtzioa «zehazgabetasun osoan» utzi duela ere.

Atxikimenduak

Arazoak arazo, «estualdi» egoeratik «indarberrituta ateratzeko» asmo tinkoa azaldu zuten EGK-ko kideek, konbentzituta baitaude «Gazteriaren Kontseiluaren norabidea Kontseilua bera osatzen duten elkarteek ezarri behar dutela, ez gobernu batek edo besteak».

Erakundearen autonomia defendatzeko esparru askotariko erakunde, talde, norbanako eta hautetsiengandik atxikimendu ugari jaso ditu EGK-k.

HAUTETSIAK

EAJ, EB eta Alternatibako hainbat legebiltzarkideren sostenguaz gain, batzarkide, zinegotzi, gazte teknikari, kazetari eta unibertsitate irakasle ugariren babesa ere jaso dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo