Etxebizitza eskubidea aldarrikatu du Itaya gazte talde usurbildarrak hiru eguneko kanpaldian
GARA | USURBIL
Hotz handiari adoretsu aurre eginez, azken hiru egunotan Itaya taldeko gazteek Usurbilgo dema plazan paratu dute beren bizitokia. Dozena bat dendaz osatutako kanpamentuarekin etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatzea izan da atzo arratsaldean amaitutako ekimenaren helburua.
Antolaketa zorrotza lagun, ekintza ugari gauzatu dituzte salaketak iraun duen bitartean. Hala, astelehenean, dozenaka gaztek kalejira burrunbatsua eta aldarrikatzailea egin zuten herriko kaleetan zehar. Ostean, herriaren bihotzean kokatutako herrixka bitxia instalatu zuten elizaren dorrepean.
Hitzaldiak, hizketaldiak, poesia errezitaldiak, abeslariak, bideo emanaldiak, herriko presoei gutun-idazketak eta antzeko ekimenak egin dituzte egunotan, kanpamentua kendu eta gunearen garbiketa sakonari ekin aurretik.
Itaya taldea duela hilabete batzuk sortu zen eta gazteriaren hainbat arazo lantzen ditu berariazko azpitaldeen bitartez. Etxebizitza eskubideaz arduratzen denak antolatu du, hain zuzen ere, egunotako kanpaldia.
Belar txarrak errotik...
Beren oinarrizko leloa, «belar txarrak errotik [moztu]» etxebizitzaren arazoan ere txertatu dute: «Etxebizitzak jabego pribatua izan behar duela erabat hedatuta dago gure gizartean. Ikuspegi oker hori errotik aldatu nahi dugu. Estalpeak publikoak eta herritar guztientzat izan behar dutela uste dugu».
Etxebizitza duina izateko eskubidea exijitzeko ekimen gehiago antolatzeko asmoa ere azaldu dute.