Berezkoak
Hezetasuna medio, atzeratu egin behar izan da Udazkeneko Txapelketa
Jon LEUNDA
Atzo jokatu behar zituzten Ezpeletan Udazkeneko Txapelketako bi finalerdiak, baina bertan behera geratu ziren. Trinketa bustita zegoen, hezetasun handiarekin, eta pilotariak bertaratu zirenerako konturatu ziren han jokatzea ia ezinezkoa zela.
Lehen finalerdia hasi ere egin zen, baina irristakorra zegoen kantxa, eta mina hartzeko arrisku handia zegoenez, partida geratu, eta dena ezerezean uztea erabaki zuten, eta bi finalerdiak hutsetik hasiko dira. Beraz, biharko iragarri dituzte finalerdiak, 16.30ean hasita, eta finala, berriz, urtarrilaren 6an izango da, 19.00etan hasita.
Orain, eguraldiak ondu beharko du, edo trinketa lehortzeko beste era bat pentsatu beharko dute, datozen egunetarako ere hezetasun handia iragarri baitute. Bihar berriro ere partidak bertan behera geratuko balira, arazo larrietan sartuko dira antolatzaileak, datak bilatzea oso zaila izango baitute. Urtarrilaren 8an Superprestigioko finala jokatzen da, eta jarraian Buruz Burukoa hasiko da.
Gauzak horrela, eta bihar trinketa jokatzeko moduan egongo dela pentsatuz, 16.30ean neurtuko dira, Ibarrola eta Kurutxari Lanberten eta Ezkurraren aurka. Horiek beraien lanak amaitzen dituztenean, Bielle eta Ozafrain Larretxearen eta Ducassouren aurka lehiatuko dira.
Horko bi irabazleak urtarrilaren 6an neurtuko dira lehiaketa berri hau irabazteko asmotan. Ez da ahaztu behar, aurretik beste hiru torneo jokatu direla, eta horietako zortzi onenek lortu dutela txapelketa honetan parte hartzeko txartela.