Laura MINTTEGI Idazlea
Ikasle presoak ebaluatzea debekatuta
Aste honetan jakin dugu Auzitegi Konstituzionalak legezkotzat jo duela EHUk 2004an egin zuen Protokoloa presoek EHUn ikas dezaten. Ebazpen honi esker matrikulatuko dira Frantziako kartzeletan dauden ikasleak, baina ez Espainiako kartzeletan daudenak.
Preso unibertsitarioen egoera ulertzeko bi gauza behar dira: egoera kafkiarrekin ohituta egotea eta ontzat ematea alderdi berak aurkako jarrerak ager ditzakeela.
PPk betidanik eduki du argi preso dauden herritarrei moztu behar zitzaiela euskaraz ikasteko aukera. PSOEren jokaera, aldiz, batean bale eta bestean kale izan da. Lehenengo erreakzioa izan da debekatzea, geraraztea, trabatzea, eragozpenak jartzea... eta gero gerokoa. EHUk Presondegietan diren pertsonei buruzko protokoloa egin zuenean, Gobernuak bidea zabaldu zuen Espetxe Zuzendaritzarekin akordioa sinatzeko, baina zortzi urte beranduago oraindik ez du akordiorik sinatu eta, tartean, 35 irakasle auzipetu ditu presoen azterketak kalifikatzeagatik.
PPren eta PSOEren beldurra eta salaketa zen «irakasle filoetarrek» nota altuak jartzen genizkiela ETAko presoei. Azken 30 urte hauetan ikasle batzuk eduki ditut preso. Batzuk kartzelan zeudela ezagutu ditut, eta beste batzuk preso eraman dituzte ikasturte erdian edo amaitutakoan. Gehienak ikasle bikainak ziren, batez bestekoaren gainetik. Motibatuta zeuden, hausnarketa maila altua adierazten zuten, eta lan finak egiten zituzten. Ez dakit erlaziorik dagoen preso egotearen eta ikasle ona izatearen artean, baina badakit debekaturik dutela euskaraz ikastea, eta irakasleok debekaturik dugula haiek ebaluatzea. Legez.