GARA > Idatzia > Kultura

EITBk urtarrilaren bukaera bitartean luzatu du «Navarra Directo» programa

«Navarra Directo» saioa urtarrilaren 31a bitartean luzatu du EITBk, baina hortik aurrera «beltz» ikusten dute etorkizuna langileek, eta euren «agonia luzatzen» jarraitzea egotzi diote zuzendaritzari.

GARA | IRUÑEA

Kontratua bukatu baino hiru egun lehenago, EITBk «Navarra Directo» telebista saioa beste hilabetez luzatzea erabaki duela iragarri zuten atzo programako langileek; urtarrilaren 31a bitartean, hain zuzen. Hala ere, langileek euren kezka helarazi zuten atzo komunikatu baten bitartez. Azpimarratu zutenez, «EITBk `Navarra Directo'ko langileen agonia luzatzen jarraitzen du». Izan ere, «data horretatik aurrera, programaren eta langileen etorkizuna kolokan dago», erantsi zuten. Euren ustez, «halako kontratuen luzapenekin, itxaropena eman beharrean, hasieratik politikoa izan den erabaki bat atzeratzea besterik ez da lortzen».

EITBk telebista saio honen aurrekontuari «egin nahi dion murrizketa garrantzitsuak langile askoren kaleratzea» eragingo duela adierazi zuten langileek. Hamalau denboralditan programa honek, «ETBk Nafarroan eta Nafarroarako egiten duen programa bakarrak», «bere profesionaltasuna» erakutsi duela azpimarratu zuten, eta otsailetik aurrera bere «edukia eta kalitatea zalantzan» jarriko direla. «Erabaki horrek kaleratzeak ekarriko ditu eta gainera kalitatezko informazioa kenduko die ikusleei. Ondorio bezala, urte askotan Euskal Telebista ikusi nahi dutela erakutsi duten milaka nafarrenganako mespretxua dakar honek», gaineratu zuten. Eurak ere, langile moduan, «mespretxatuta, erabilita eta gutxietsiak» sentitzen direla aitortu zuten komunikatuan. «Gure lanpostuekin jolasten ari dira gure kontratuak inongo azalpenik gabe luzatuz. EITB bezalako enpresa publiko batek ezin du aldi baterako enpresa bat bezala jokatu, hilabetez hilabete kontratuak luzatuz».

Zentzu horretan, EITBko zuzendaritzari «seriotasuna» eskatu zioten, eta «ahalik eta azkarren behin betiko erabaki bat hartu dezala. Ezin da `Navarra Directo'ko langileen agonia horrela luzatu».

Aitor Perezek, programako langileak, atzo GARAri azaldu zionez, EITBk proposamenak egiteko eskatu zion programa ekoizten duen Begira Komunikazioak enpresari. Hauek sei bat egin zituzten baina guztiak atzera bota zituen zuzendaritzak. Izan ere, euren proposamena oraingo aurrekontuaren erdiarekin hogei minutu inguruko saio bat egitea da, Perezek azaldu zuenez. Begira Komunikazioak kontraproposamen bat egin zion berriro, baina momentuz ez dute erantzunik jaso. Momentuz, langileek alderdi politikoekin bilerak egiten jarraitzen dute, konponbidera iristeko asmoz.

«ARRATSALDERO»

ETB1en astelehenetik ostiralera emititzen den «Arratsaldero» programak bihar izango du azken saioa. Zuzendaritzak audientzia datu eskasak argudiatu ditu horretarako. Bost orduko magazin moduan hasi zen, programa bakoitzeko 11.000 euroko kostuarekin eta hiru ordu pasatxo izaten bukatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo