GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

ekaitz samaniego

Segi ezazue zuen imajinaziotik tiraka

Aupa zuek!!

Astebete baino gehiago pasa da etxean berria jaso genuenetik. Negar egin eta inpotentzia sentitu genuen, biluzik geundela, berriz ere gure ondoko hainbati jausitako zoriaren pean.

Baina bitan pentsatu gabe bildu zineten: Senideak, kuadrilla, anai-arreba gaztetxeroak, bertso-peña, familia eta besteen eskubide urraketaren aurrean urraturik sentitzen zareten lagunak. Eta ederra izan da elkarrekin sortu duguna, elkarrekin egindako hainbeste gauza.

Azken asteko itxialdian lan eta lan ibili zarete, bisitan etorri zarete, janaria eskuetan batzuetan, besarkada bat ekartzera etorriz besteetan eta horrek ez du preziorik. Egun hauetan egindakoak, halako edozein kasuk jaso behar duen erantzuna izan da. Kalean lan aktiboan eta konpromisoan oinarritutakoa jorratzean oraindik ere, zuzenean mehatxaturik gaudela eta errepresioaren menpe utz gaitzaketela argi eta ozen zabaldu da. Tamalez, asko daude nire egoeran eta beste ugari espero gaizto horretan.

Ekimen honek bultzatutako lanak «aski da!» esan du horien guztien alde, nazkatuta baikaude. Auzo eta herri askeak nahi ditugu eraiki, horretan jardun behar dugu, ahalik eta indartsuen bilduz. Ezin dugu ezer utzi gure kontra egiteko diseinaturik dauden epaitegien eskuetan, orain puru bat lasai erretzen ari diren bizardunengan ere ez. Gure eskuetan dago, beti bezala, eta gure imajinazioak eta lanak sortutako bultzadak irabaziko du pultsua.

Nik ezkutatzeko erabakia hartu dut. Ezkutatu, bidegabekeria hau agerian uzteko.

Zuek, segi ezazue zuen imajinaziotik tiraka eta urrun eramango ditugu gure nahiak.

Aupa zuek! Maite zaituztet! Muy bastas!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo