Uxue Royo Pozueta | Hatortxu Rock-eko kidea
Egin dezagun bidea: Bilbotik Atarrabiara!
Preso dagoen senide, lagun edo maitearen irribarrea ikusteak ez dauka preziorik. Preziorik ez du bera eta zure arteko distantzia fisikoa milaka kilometrotan neurtu arren, bere gutun bat jasotzeak sortzen duen gertutasunak. Ez dago munduan dirurik bisita hasi baino lehenagoko minutuetan sentitzen dugun ilusioa ordain dezakeenik. Askok agian ez dute ulertuko, baina guk, dauden lekuan daudela, ez ditugu inoiz bakarrik utziko. Beraiekin egoteak ez duelako preziorik.
Baina zoritxarrez, eta errealitatera etorrita, sakabanaketa politikak prezio ikaragarri altua du. Bizitzetan, azken 30 urteetan 37 pertsonaren bizitzak lapurtu dizkigu politika kriminal honek (16 senide eta lagun eta 21 preso). Pezetetan lehen, eurotan orain, kontaezinak dira senide eta lagunek bisitak egin ahal izateko ordaindu izan dituzten milioiak.
Gastu horiei aurre egiten laguntzeko eta gizartea honen aurrean sentsibilizatzeko sortu zen 1999an Hatortxu Rock elkartasun jaialdia. Hatortxu ez da kontzertu bat soilik, ehunka boluntarioren artean egiten dugun jaialdia da, hilabeteetan prestatzen dena, eta helburu argia daukana: mundu guztiari oroitaraztea senide eta lagunek inoiz baino kilometro gehiago egin behar dituztela haiekin egon ahal izateko, horrek dakartzan arrisku eta sarraski ekonomikoarekin. Aldi berean, odoluste ekonomiko hori arintzen saiatzen gara Hatortxu Rocketik ateratzen diren etekinekin. Eta 13 urte pasa direnean, hemen gaude berriro: betiko alderdi ultraeskuindarren ahaleginak izanda ere, leku aldaketa amaigabea ezagutu behar badugu ere, eguraldi kaxkarra jasanda ere, sasi guztien gainetik, Hatortxu Rock bertan da.
Dakigunez, Hatortxu Rock asteburu honetan (ostiralean eta larunbatean) ospatuko dugu. Aurten Atarrabian da hitzordua. Larunbatean, ordea, beste zita bat daukagu Bilbon. Ehunka atxikimendu jaso duen manifestaldira joateko deia egin nahi dugu, euskal preso politikoen eskubideen defentsa irmoa egiteko. Manifestazioa bukatuta aukera ederra dugu eguna borobiltzeko Atarrabiara gerturatuz, erabat konpatibleak direlako bi hitzorduak. Izan ere, Hatortxu goizaldera arte irauten duen jaialdia da, nahiz eta arratsaldeko zazpietarako martxan egon.
Gutun honen bitartez gogora ekarri nahi genuen, bada, asteburu honetan euskal errepresaliatuen aldeko bi ekimen nazional burutuko direla, bata Bilbon eta bestea Atarrabian. Biak beharrezkoak, biak arrakastatsuak izan behar dutenak, inoiz baino ozenago oihukatzeko euskal errepresaliatuen eskubideak errespetatu behar direla.
Bilbon zein Atarrabian, zure zain gaude.
Egin dezagun urratsa, Hatortxu Rock bertan da.