Iban Martinez de Albeniz | Gazte errepresaliatu baten senidea
Lagun ezku(ta)tuari gutuna
Los Angeles elizan bestelako giroa sumatu da: haserrea, barru- barrutik ateratzen den «aski da!», hitz egiteko unea izan da, asanbladaren unea... Herri harresia eraikitzen hasi gara, Ekaitz, abian gara! Eta zuk aipatu zenuen legez, hau lehenengo pausoa besterik ez da
Apenas ezagutzen dugun elkar, baina Gasteizko hainbat saltsatan kointziditu dugunetik beti tipo jatorra zarela iruditu zait. Begiradan ikusten zaizu: maliziarik gabekoa, gardena, sanoa.
Zure baimenarekin sekretutxo bat kontatuko dizut. Aitortu behar dizut ezagutu zintudan unean hartu nizula nire anaia nagusiaren antza: Arkaitz. Ez bakarrik itxura fisikoan, zure izaerak Arkaitz ekarri dit burura behin baino gehiagotan: lotsatia, diskretua, apala...
Anekdota txiki horrek, baina, beste dimentsio bat hartu du egunotan. Inoiz ez nukeen pentsatuko zuen bideak hain loturik egongo zirenik, bizitzak zuen bideak elkartuko zituenik Gasteizko Los Angeles elizan. Zu, Segiko kide izateagatik kartzelatua izateko atxilotze arriskuan zauden gazte bezala, eta Arkaitz, zuri elkartasuna adierazteko itxialdian izan den «Segi auziko» preso politiko ohi bezala.
Zuen bizitzek injustizian egin dute bat, sententzia batek suposatzen duen amorruan, kartzelara joan beharrak sortzen duen inpotentzian... Suposatzen dut, Ekaitz, zure barrenean ziurgabetasuna, zalantza eta galderak izango direla nagusi, aurrerantzean zure bizitza nola garatuko den jakin ezinik. Arkaitzek etxetik presaka alde egin eta hiru astez ezkutatuta egon zeneko galdera berdinak direla suposatzen dut.
Krudelkeria ere aipatzea gustatuko litzaidake; izan ere, bizitzak modu krudelean tratatu zaituzte, bortizki kolpatu zaituzte. Zergatik ateratzen dituzte etxetik modu bortitzean kalean ditugun «hoberenak» eta urte luzez ziega batean sartzen?
Eta sufrimendu hau pairatzen ari garen bitartean, kalean jendeak normal jarraitzen du: funtzionarioak goizero-goizero lanera joaten jarraitzen du, zure txikitako klasekideak hilabetero hipoteka ordaintzen jarraitzen du, zure gurasoen lagunek poteoan jarraitzen dute, are gehiago, baten bat ere oporretan joango da ezer pasatuko ez balitz bezala. Zuri, zure neska-lagunari, zure familiari bizitza goitik behera aldatu dizuen albisteak besteengan ez al du eraginik? Inpotentzia sentitzen dut, kaletik zure injustiziaren berri oihukatzen joatea gustatuko litzaidake, jendea bularretik heldu eta «Ekaitz atxilotze arriskuan dago!» oihukatuz euren pasibitatea aurpegiratu, bizitzaren errituak aldaraziko dituen oihuak bota gura nituzke... Tamalez, gure sufrimenduak ez du bat-bateko eraginik gizartean.
Zuen bizitzen arteko paralelismoan beste bi elementu daude: frontoia eta eliza. Ez pilotari finak edo fededunak zaretelako, baizik eta injustiziaren aurreko elkartasunak Arkaitzen kasuan frontoi itxura hartu zuelako eta zurean, Ekaitz, elizarena. Bilboko La Esperanza frontoian besarkada, negar malko, tentsio une eta oihuetan islatu zen Arkaitzekiko eta bere lagunekiko elkartasuna. Zure sufrikarioari hasiera eman zioten ertzain horiek banan-banan eraman zizkiguten anai-arrebak. Ukabila altxatzen gogoratzen dut Arkaitz kartzelarako bidean, nire gogoan harrotasunez gordeko dudan irudia. Oraingoan, aldiz, Los Angeles elizan kontzentratu da elkartasuna: berotasuna, Jagoba eta zure arteko besarkada eta muxua, Idoiaren edota zure aitaren presentzia etengabea, zure amaren malkoak, «animo» esan nahi zuen nire begirada...
Arkaitzen eta zure egoeraren artean, ordea, badago ezberdintasun nabarmen bat: sententzia honen kontestua. Arkaitzen sententzia, aurreko prozesuaren bukaeran eman zen. Negoziazio mahai baten gainean gure esperantza guztiak jarri eta Estatuak zikin jokatu ondoren, pikutara joan zen prozesu hartan jarritako ilusio guztia. Errepresioaren alperra gure gainetik pasatu zen gupidarik gabe eta atxiloketa, epaiketa eta sententzien bidez milaka izan dira estatuaren biolentzia ezagutu duten euskal herritarrak. Eta gu hor egon ginen, ekaitzari duintasunez aurre egiten, baina aitortu behar dut: egoera aldatzeko esperantza gutxirekin.
Los Angeles elizan, ordea, bestelako giroa sumatu da: haserrea, barru-barrutik ateratzen den «aski da!», hitz egiteko unea izan da, asanbladaren unea... Aspaldiko partez, jendea «enpoderatua» ikusi dut eta zurekiko atxikimendua elkar lotzen gaituen kate horretan islatu da. Los Angeles elizako mikrokosmosak ederki irudikatu du askotan modu hutsalean aipatzen dugun herri harresia. Herri harresia eraikitzen hasi gara, Ekaitz, abian gara! Eta zuk aipatu zenuen legez, hau lehenengo pausoa besterik ez da. Herri harresia eraikitzeko adreiluak baditugu dagoeneko, baita errepresioaren haize ufadek lurrera bota ez dezaten argamasa ere; hortaz, igeltseroentzako tresneria soberan dago. Orain, presarik gabe baina determinazioz, lanean, ikasten edota langabezian dauden igeltsero gehiago bilatu eta guztiok jarri behar dugu martxan. Guztion artean lana ondo antolatuz eta bakoitzak bere adreilutxoa jarriz, etorkizunean errepresioaren enbatak harresia igaro ez dezan.
Muxu handi bat, estimatzen zaituen igeltsero honen partez.