GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisek Hego-Mendebaldeko AHTren proiektuari eusten diola esan du ministroak

Garraio ministroak ñabardurak egin dizkio errentagarritasunaren bermea ez duten AHT lineen eraikuntzaz berrikitan esandakoari. Orain adierazi du Hego-Mendebaldekoari eutsi egingo diotela, baina atzerapenak iragarri ditu finantzabideen koska ez bada konpontzen.

Arantxa MANTEROLA |

Badirudi AHT berriaren aldekoen presioek eragina izan dutela Parisen. Izan ere, Nathalie Kosciusko-Morizet Garraio ministroak «Sud Ouest» egunkarian atzo adierazitakoaren arabera, Estatuak ez du bertan behera utziko Hego-Mendebaldeko Proiektu Handia deiturikoa, «abian den egitasmoa baita». Are, finkatutako egutegia mantendu egingo dela gaineratu du, baita Lapurdiko AHT burdinbide berriari dagokionean ere.

Estatu espainoleko AHTrekin lotura egiteko engaiamenduak indarrean segitzen duela nabarmenduta, ministroak aitortu du Baiona-Hendaia zatiari buruz Gobernuak jokamolde berezia izango duela tokikoekin adostasuna lortzeko asmoz: «Ahalik eta adostasun gehien bilatu behar dugu biztanleekin. Pariseko bulegoetan Frantziako azpiegituren mapa era autoritarioan finkatzen zireneko garaiak amaitu dira. Linea berriari buruzko kezkak uxatu egin behar ditugu. (...) Ez dugu AHT bat egingo hautetsien eta biztanleen borondatearen kontra».

Halere, Kosciusko-Morizetek ez du horren mezu garbia izan finantzazioari dagokionean. Kapital pribatuen bila dabiltzala ezkutatu gabe, argi du diru publikoen -erdibana Estatutik zein lekuko erakundeetatik eratorrikoa- ekarpenak aztertu eta finkatu beharko direla bere garaian. «Finantziazioa ez bada bermatzen, bistakoa da orduan proiektua gauzatzeko egutegia egokitu egin beharko dela», gaineratu du ministroak.

Proiektu «pitzatua»

AHT linea berriaren aurka dagoen CADE elkartearen ustez, gero eta ageriago geratzen da «proiektua kulunkan» dagoela: «AHTren egitasmoa pitzatzen ari da baina aurrera edo atzera egiten diren urrats txikiak gorabehera, soilik gure mobilizazioak bermatuko du garaipena».

EPEAK

Hilaren 9an, besteren artean, Lapurdiko AHTren ibilbidea ezagutuko da. 2013an zehar, inkesta publikoa eginen da, 2014an gizarte intereseko proiektutzat jo aitzin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo