Erralde hiltegia ixteko prozedura abiatu du Lakuako Osasun Publikoko sailak
Erralde elkarteak hiltegiaren itxierak ekar ditzakeen ondorio kaltegarriez ohartarazi du. Horregatik, bi urteko luzamendua eskatu du eta ixtea galarazteko «ahalegin guztiak» egingo dituela jakinarazi du.
GARA | DURANGO
Lakuako Gobernuko Osasun Publikoko sailak Durangoko Erralde hiltegia ixteko prozedura martxan jartzeko proposamena aurkeztu zuen pasa den ostiralean. Erralde elkarteko zuzendaritzak azaldu duenez, prozedura abian jarriz gero, urtarrilaren 14an Durangoko hiltegiak ateak itxi beharko ditu. Erraldeko zuzendaritzak Osasun Publikoko sailaren erabakia salatu, eta ixte prozedura gelditzeko ahalegin guztiak egingo dituela nabarmendu du.
Mikel Ansotegi Erraldeko lehendakariak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, joan den ostiralean Lakuako Osasun Publikoko sailak bidalitako gutun baten bidez jakin zuten hiltegia ixteko prozeduraren berri. Ansotegik dioenaren arabera, «gutuna oso modu subjektiboan» idatzita dago eta bertan aipatzen diren zenbait alderdik Osasun Publikoko sailarekin zerikusi zuzenik ez dutela nabarmentzen du.
Ansotegik azpimarratzen duenez, oraingoz prozeduraren «hasiera» baino ez da, baina nolanahi ere erabakia neurrigabea dela gaineratzen du, hain zuzen ere, zenbait «zuzenketa» eginda, Erralde hiltegia aurrera ateratzea posible delako. Horren harira, Osasun Publikoko sailak «zuzenketarako» inolako aukerarik ez diela eman salatzen du Erraldeko lehendakariak. Bestalde, hiltegiaren itxierak ekar ditzakeen ondorio larriak aipatzen ditu Ansotegik. Horrela, langileak ez ezik, nekazaritzaren sektore osoa kaltetuko duela ohartarazten du.
Hein horretan, Erralde elkartea osatzen duten hamabost udalek «ahalegin guztiak» egingo dituztela nabarmentzen du lehendakariak, hiltegiaren itxiera prozedura gelditzeko. «Asko da beharginek, sektore osoak eta bizkaitarrek galtzeko daukaguna», gaineratzen du. Halaber, Berrizen hiltegi berria irekitzeko konpromisoa berretsi du.
Erralde da gaur egun Bizkaian dagoen hiltegi bakarra da, eta itxieraren berri izan zutenetik, mobilizazio ugari egin dituzte elkarteko kideek, Bizkaiko eragile sozial eta sindikalen babesarekin, Berrizen hiltegi berria eraiki arteko bi urteko luzamendua eskatuz.
Erralde hiltegia ixteko erabakiaren aurrean «interes ekonomiko eta politikoak» daudela ohartarazi du EHNE sindikatuak. Horrela, itxieraren aurka agertzeaz gain, Gasteizko Gobernuaren jarrera salatu du sindikatuak. Izan ere, ohar baten bidez azaldu duenez, hiltegia ixteko asmoa publiko egin zuenetik, erabakia Europar Batasunaren esku zegoela argudiatu izan du Lakuak. Baina eskumena Gasteizko Gobernuari dagokiola jakinarazi du Bruselak, EHNEk azaldutakoaren arabera.
EHNEren ustez, Gobernuak men egin du, haragiaren industriaren esanetara, eta erabaki horren «helburua» Berrizen ireki nahi den hiltegi berriaren proiektua «ezbaian» jartzea da, sindikatuaren ustez.
Bestalde, Lakuako Gobernuak Bilboko Gurokela hiltegiaren alde egindako apustua gogorarazi zuen sindikatuak, eta ondorioz, «galera ekonomiko handiak» izan zirela nabarmendu zuen. Erraldek beste filosofia bat dauka, ordea; azaldu zuenez, ekoizpen kate txikian lan egiten baitu. Horregatik, Berrizen hiltegi berria ireki bitartean bi urteko luzamendua eskatu zuen, eta itxiera gelditu arte, mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri zuen. GARA