GARA > Idatzia > Mundua

Boko Haramek hiru eguneko epea eman die kristauei Nigeriako iparraldea uzteko

Boko Haram sekta islamiarrak hiru eguneko epea eskaini die Nigeria iparraldeko kristauei bertatik alde egiteko, Goodluck Jonathan lehendakariak ezarri duen larrialdi egoerari erantzunez. Horrez gain, gobernuaren tropen aurka ekiteko prest dela adierazi du sektak.

GARA |

Boko Haram sekta islamiar armatuak hiru eguneko epea eman zien atzo Nigeria iparraldean bizi diren kristauei bertatik alde egiteko, eta gobernuaren tropen aurka borrokatuko dela ohartarazi zuen.

Mehatxu honekin erantzun dio Boko Haram taldeak herrialdeko lehendakariak, Goodluck Jonathan kristauak, ezarritako larrialdi egoerari.

Hain zuzen, sekta horrek eliza kristauen aurka Gabonetan eginiko ekintza armatuen ondoren ezarri zuen lehendakariak larrialdi egoera, batez ere, Boko Haram islamiarrek jarduten duten eremuetarako. Berrogei bat lagun hil dira erasootan.

Sektako kide Abul Qaqaa-k, haren izenean jardunez, «Nigeria iparraldetik irteteko hiru eguneko epea» eman zien kristauei. Horrez gain, hegoaldeko Anaia Musulmanei dei egin zien iparraldera itzul daitezen, haien aurkako «erasoak izango diren frogak» dituztela gaineratuz. Iparraldean gehiengo musulmana bizi da, eta hegoaldean gehiengo kristaua.

Sekta islamiarreko beste bozeramaile batek Goodluck Jonathan lehendakaria kritikatu zuen erasotako eliza batera eginiko bisitagatik, «musulmanak eraildako lekuak» sekula ez dituela bisitatu esanaz, apirileko hauteskundeetan izandako istiluetan hil ziren musulmanei dagokienez, besteak beste.

Mehatxu hauen aurrean, kontrolak indartuko dituela adierazi du lehendakariak, eta Maidugurin, indarkeriaren erdigunean, soldadu taldeen handitzea jada nabaria zelarik.

Erasoak izandako eremuetako mugen itxiera eta kontrol zorrotza exijitu duela ere gaineratu du lehendakariak. Niger, Kamerun eta Txad herrialdeei eragiten diete horrek.

Komunitate kristauak jakinarazi du, erasoek jarraituz gero, autodefentsari ekingo diotela.

ondorioa

Segurtasun indarren eta islamisten arteko liskarrak eta Boko Haram sektaren erasoak direla-eta, 90.000 pertsonak utzi behar izan dituzte beren bizilekuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo