GARA > Idatzia > Kultura

«Buah txabal!», gazteei euskararen inguruan ausardiaz hitz egiteko

GARA | LARRABETZU

Gaur, 20.00etan, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean «Buah txabal!» ikuskizun dibertigarria egingo dute, Arrasate Euskaldun Dezagun (AED) elkartearen eskariz Unai Iturriagak idatzia, gazteen artean euskara bultzatzeko asmoz. Protagonista, Garikoitz Kortabitarte, goitizenez Beti, hogei urte bueltako gazte bat da. Bere goitizena beti lokalean sartuta egotetik datorkio. Bart, salbuespen moduan, herrira atera da parrandara eta tragedia bat gertatu zaio: eskuko telefonoa galdu du. Zergatik da, ordea, telefonoa galtzea halako tragedia Betirentzat?

Garikoitzek horren zergatia kontatzen duen bitartean, euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia muturreko baten lekuko egingo du ikuslea.

«Gazteengana, euskararen gaiarekin, modu eraginkorragoan hurbiltzeko ahalegin gisa erabaki genuen antzerki lan bat ekoiztea, eta horren bila jo genuen Unai Iturriagarena. Gazteei, euskararen inguruan, dauzkagun hizkuntza ohituren eta jarreren inguruan, argi eta garbi, itzulinguru barik, konplexu barik, ausardiaz, hitz egingo eta pentsaraziko dien obra baten bila», adierazi dute AEDkoek.

Lan tresna

«Buah txabal!» ez da, beraz, denbora-pasa hutserako sortutako ikuskizuna, dibertigarria izan arren. Hori baino gehiago, sustatzaileen arabera, lan tresna bikaina da euskara gazteen artean bultzatzeko ahaleginean diharduten guztientzat: elkarteak, herri-administrazioak, ikastetxeak, gazteguneak, udalak...

Zehaztu dutenez, oro har publiko gazteari zuzendutako antzezlan bat da, baina ez bereziki gaztetxo-gaztetxoei, 17 urtetik aurrerako publikoari baizik. Eta hortik gora, euskaldun ororentzat, obran azaleratzen diren egoerak ez baitira gazteen artean bakarrik gertatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo