GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

BEREZKOAK

Ozafrainen eskarmentuak erabaki du Ezpeletako finala

Norgehiagoka estu eta eder batean, Bankako atzelariak bere maisutasuna
agerian utzi zuen, Biellerekin batera Udazkeneko Txapelketa irabazteko.

p037_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biellek eta Ozafrainek irabazi zuten herenegun Ezpeletan jokatu zen Udazkeneko Txapelketako finala, 50 eta 42ko emaitzarekin Lanbert eta Etxeto mendean hartu ostean. Giro aparta izan zen finalean, nahiz eta harmailak ez ziren bete, baina kontuan hartuta urteko lehen eguna zela, antolatzaileak oso gustura geratu ziren.

Oren eta erdi iraun zuen partidak, eta lau pilotariek oso norgehiagoka ona egin zuten. Guztira bederatzi berdinketa ere egon ziren, eta zaleek sekulako gozatua hartu zuten. Partida azkeneko hogei kintzetan hasi zen erabakitzen, eta pilota aldaketak zeresan handia izan zuen.

Biellek eta Ozafrainek pilota biziagoa aukeratu zuten, eta orduan hasi ziren zuloa egiten. Aurrelariak saketik tanto dezente egin zituen, baina Patrick Ozafrain izan zen protagonista, finaleko azken zatian nagusi izan baitzen, eta tanto oso garrantzitsuak egin zituen, Lanbertek eta Etxetok ez baitzuten inoiz etsi. Amaieran txalo artean agurtu zituzten pilotariak, eta lauren maila ona izan bazen ere, Ozafrain izan zen, askoren ustez, finaleko onena, eta bai Superprestigioan, eta baita txapelketa honetan ere, oraindik oso ongi dagoela erakutsi du Bankako atzelariak.

Aspaldian partidak 40ra jokatzen dira, baita txapelketa honetako finalerdiak ere, baina final honetan 50era jokatzeko hautua egin zuten antolatzaileek, eta norgehiagoka nola joan zen ikusita, ez dute horren damurik, eta datorren urteko finala ere horrela egin nahi dute.

Buruz burukoak

Behin Udazkeneko Txapelketa amaituta, bakarkako lehiaketei begira dago jendea. Datorren igandean jokatuko da Donibane Garazin Superprestigioko finala, eta han izango dira Waltari eta Kurutxari txapela lortu nahian. Hori amaitutakoan, urtarrilaren 14an hasiko da Buruz Burukoa.

Datorren astean izango da aurkezpena, baina zurrumurru ugari ari da agertzen, eta erabat baieztatu gabe badago ere, dirudienez hamabost pilotarik parte hartuko dute aurten lehiaketan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo