Floren Aoiz www.elomendia.com
Isiltasunaren zalapartak hormak hautsiko ditu
Garrantzia kenduko diote, gezurrak zabalduko dituzte, mobilizazioaren garrantzia ezin irentsiz. Baina mezua jasoko dute, baita ikasi ere gero eta zailago gertatuko zaiela orain arteko itxikeria mantentzeaBiblian agertzen dira Jerikoko turutak, hobe esanda, hiri horren harresiak leherrarazi zituztenak. Erraldoiak omen ziren hormak, baina Jainkoaren ekimenez tronpetak jo zituzten aukeratutako herriko kideek eta, zast, akabo! Jeriko haien eskuetan gelditu zen. Munduko jende askok zalantza izpirik gabe sinesten dituen kaikukeria horiek alde batera utzita, badaude mirakuluak bezain zailak diren helburuak lortzeko beste aukerak. Indar bilketa, adibidez, herri baten mobilizazioa, hots.
Gaur, gure herriaren ibilbide historikoan leku izanen duen 2012ko urtarrilaren 7an, berriz, Bilboko turuta isilek presondegietako hormak apurtzen lagunduko dute. Ez dira bihar eroriko, jakina, bestelako saioak beharko dira, saio asko; baina gaurko urratsa ez da nolanahikoa eta beste batzuen aitzindari izanen da. Inork ezin izanen dio jende uholdeari ihes egin. Ez du deus ere lortuko jendartearen nahiaren adierazpen argiari sorbalda ematen dionak. Entzungorrarena eginen dute, beharbada, Paris eta Madrilen. Nekez aitortuko dute jendearen borondateak estatu estrategiak aldarazteko gaitasuna duenik. Garrantzia kenduko diote, gezurrak zabalduko dituzte, mobilizazioaren garrantzia ezin irentsiz. Baina mezua jasoko dute, baita ikasi ere gero eta zailagoa gertatuko zaiela orain arteko itxikeria mantentzea.
Euskal Herrian piztu den askatasun sua gasolinaz itzaltzea erabaki dute batzuek. Horregatik debeku, mehatxu eta beldurra jarri nahi izan dute mahai gainean. Alferrik, ordea, abiatutako jarduera ez baita probokazio ergel baten baitan itoko. Patetikoa izan da Putxerazo Lopezen gobernuaren jarrera, esanguratsuki, kasik Urdangarin auzipetzeko arrazoi aski atzeman ez duen Auzitegi Nazionala bezain patetikoa. Finean, Urdangarin bezalakoak babesten dituzten epaileen gorrotoa ohore handi gisa hartu beharko genuke.
Ez dute oraingoz ulertu agerikoak direla errepresioaren mugak. Ezin dute barneratu euskal jendartearen bidea oztopatzeko gaitasuna galdu dutela. Fosilizatuta daude. Aldaketaren beldurrak itota segitzen dute. Ezin dute gertatzen ari dena ulertu eta kriminalizazioa aukera bat dela pentsatzen jarraitu nahi dute. Atzean gelditu den unean daude, ezin mugituz. Ezinean eta borondaterik gabe. Ez dute urratsik eman nahi, hormak deseginez gero, kontrola galtzen ahal dutelako.
Presoak baliatu nahi dituzte etekin politikoa lortzeko. Bahitu gisa erabiltzeko. Orain arte, krudelkeria handiak egin dituzte. Oinarrizko eskubideak urratu dituzte, ia mugarik gabe. Indar- keria forma gogor eta itsusienak erabili dituzte preso, senide eta lagunen aurka. Orain arte egin dute eta bide horretatik jarraitzeko asmotan daudela dirudi. Jarrera alda dezaten lortu beharko dugu. Iritsi da elkarrekin egin dezakeguna erakusteko tenorea. Presoak kalera atera behar ditugu. Erronka handia da, zaila, bai, baina lorgarria. Urratsez urrats, denboraz, ausardiaz, denon artean, baina erdietsi behar dugu.
Gaur, gure isiltasuna oihurik zaratatsuena izanen da. Mundu osoan adituko den zalaparta.