GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jon Patxi Arratibel Garziandia, «Xafan» Valdemoron daukaten preso politikoa

Hator, hator neska-mutil etxera!

Hatortxu Rock-ek hamahiru urte beteko ditu Bilbon izango den elkartasun erraldoi horri bere ekarpena eginez. Hamahiru urte errepresaliatuen eta haien senideen egoera gizarteratzen, haien eskubideen aldeko aldarrikapena egiten Egin Dezagun Bidea esaten hasi ginen, eta egingo dugu, helmugaraino, guztiok batera, eta horretarako maitasunezko hiru arrazoi ditugu: geure herria eta haiek maite ditugun eran, zuek ere maite zaituztegu

Esaldi edo lelo honek ongi irudika dezake gaur Euskal Herrian ozen entzungo den aldarria. Honetarako bi ekimen oso garrantzitsu izango dira egun berean; bata, Bilboko manifestazioa, kolosala izango dena, eta bestea, Hatortxu Rock 13, Atarrabian egingo den jaialdia.

Kartzelatik adi jarraitzen ditut manifestaziorako deialdiak, jasotzen ari diren atxikimenduak eta egiten ari diren ekimen ezberdinak. Era berean, ez zaizkit pasatzen Hatortxu Rock 13 jaialdiaren inguruko artikuluak, komunikabideetako erreportajeak eta aurtengo kartel bikainaren iragarkia. Honekin guztiarekin, gaurko eguna nolakoa izango den ideia egiten dut ziegan eta egia esan behar badizuet, gorputzeko ile guztiak tente jartzen zaizkit! Jada aurreratu diezazueket egun horretan urduri egongo naizela eta irrikitan itxarongo ditudala Euskal Herritik etorriko zaizkidan berriak; hasieran telefonoz kontatuko dizkidatenak eta egun batzuk beranduago gure egunkarietan irakurriko ditudanak.

Azken egunetan helarazitako berriek ordea, sentimendu guztiak aztoratu dizkidate eta bat gailendu da haien artean: mina. Dirudienez, gure herri txiki honetan oraindik ere badago Hatortxu Rock ezagutzen ez duen jendea eta horren ondorioz, manifestazioa eta Hatortxu bateraezinak direla ikusten du. Hauen arabera, egun berean Bilbon egingo den manifestazio nazionalaren oztopo izango da kontzertua. Iritzi hauen aurrean, Valdemoron preso naukaten arren, orain dela gutxi arte Hatortxu Rock jaialdiaren antolakuntzan ibilitako pertsona bezala hitz egin nahi dizuet eta idatzi honekin, horrelako gaizkiulertuak lurperatzea espero dut.

Hatortxu Rock jaialdia 1999an sortu zen Nafarroako Herrialdeko Ekimen bezala eta bere helburua errepresaliatuen eta hauen senideen aldeko elkartasuna jorratzea izan da. Ekimen xume bezala hasi zen arren, urteen poderioz goi mailako jaialdia izatera iritsi da; musikalki Euskal Herrian ez ezik, estatu mailan bere lekua egin du Hatortxu Rockek.

Baina hau guztia nabarmentzekoa den arren, Hatortxuren zati txiki bat besterik ez da. Benetan garrantzitsuena Hatortxuk urte guzti hauetan lortu duen elkartasun olatua da; laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik, nafar faxisten trabak gaindituz lortutako errepresaliatuen aldeko elkartasun olatua: musikaren munduan ugariak izan dira inplikazioa eta elkartasuna adierazi duten musika taldeak, bakarlariak, DJak edota teknikariak. Halaber, milaka dira boluntario moduan lanera hurbildu direnak eta desorduetan lan gogorra eta serioa gauzatu dutenak. Hatortxun, urtero-urtero 700 pertsona inguru batzen dira lanerako eta urtero milaka pertsonek erosten dute «laguntza» (sarrera) euskal errepresaliatu politikoen eta haien senideen alde.

Anitzak eta oso ezberdinak dira Euskal Herrian errepresaliatuen alde urtean zehar egiten diren ekimenak. Guzti-guztiak elkartasun olatu txikiak dira eta urte hasieran Bilbon batu egiten ditugu elkartasun olatu erraldoia eta nazionala osatuz. Aurten gainera, inoiz ikusi ez dugun elkartasun uholdea espero dugu Bilboko kaleetan. Hala izango da urteetan egindako lan guztiagatik eta egun bizi dugun momentu politiko garrantzitsu eta itxaropentsuak eskatzen duelako.

Hatortxu Rock-ek hamahiru urte beteko ditu Bilbon izango den elkartasun erraldoi horri bere ekarpena eginez. Hamahiru urte errepresaliatuen eta haien senideen egoera gizarteratzen, haien eskubideen aldeko aldarrikapena egiten, haienganako elkartasuna musika esparruan bilduz. Beraz, guzti honengatik min handia ematen dit kontrakoa pentsatzen duenik egon daitekeela sumatzeak. Hatortxu Rock 13 Bilboko manifestaziorako traba izango dela pentsatzen duena baldin badago, ekimen hau ezagutzen ez duelako izan daiteke.

Azken datu bat: hamabi urte hauetan batak eta besteak behin baino gehiagotan kointziditu dute eta erabat bateragarriak izan dira. Hatortxu arratsaldeko zazpietan hasten den arren, goizaldera arte irauten du eta jendeak Bilbotik kontzertura joateko denbora aski sobera izaten du.

Hatortxu Rock ezagutzen ez duenari proposamen bat: larunbat honetan Bilboko manifestazio benetan kolosala amaitzen denean eta pote azkar bat edan ondoren, kotxea edo autobusa har dezake, milaka pertsonak ohitura dugun moduan, eta Nafarroara, zehazki Atarrabiara joatera animatuko nuke. Bertan, errepresaliatuen aldeko elkartasunez beteriko jaialdi zoragarri bat ezagutuko du eta gainera, ziurrenik ongi pasatuko du. Orduan konturatuko da igandean prentsan agertuko den zenbaki potoloari, hots, Bilbon bildutako milaka pertsonei Atarrabian bilduko diren milaka pertsonena gehitu beharko zaiola.

Kolosala izango da zuen berotasuna sentitzea.

Guk ere Maite Zaituztegu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo