Iñigo Santxo Uriarte Abokatua
«You will never walk alone»
Adituek diote futboleko partidarik zirraragarriena izan zela. 2005eko maiatzaren 25ean gertatu zen, Istanbuleko Atatürk estadioan, Champions Leagueko finala zen, eta bertan ari ziren jokatzen AC Milaneko jokalariak, Liverpoolekoen kontra. Italiarrak 3-0 irabazten ari zirela, jokalariek aldageletara jo behar izan zuten, lehen zatia amaituta. Esan beharrik ez dago Liverpooleko jokalariak burumakur erretiratu zirela finala galduta ikusten baitzuten. Zurrumurruek diotenez, aldageletan, jokalari gorriak etsipenez baina arretaz segitzen ari ziren beren entrenatzailearen azalpen eta gomendioak, halako batean, entrenatzaileak isiltasuna eskatu zien arte. Talde osoa isilik, argi entzun ahal izan omen zuten, estadioan zeuden 30.000 jarraitzaileek batera kantatzen zuten ereserkia: You will never walk alone.
Bigarren zatia hasi zenean, telebista eta irrati esatariek espekulatzen zuten, zein izan ote zen arrazoia, Liverpooleko jokalariak horren sutsu ateratzeko. Zati hori hasi zenetik, gorriak grina handiz hasi baitziren jokatzen. Horrela sartu zituzten bi gol, nahiko jarraian. Markagailua oraindik ere kontra zutela, 59. minutuan, epaileak penaltia adierazi Liverpoolen alde. Xabi Alonsok jaurtiki zuen eta atezainak gelditu, baina Tolosakoak errematean ez zuen barkatu, eta gola egin zuen, hirunako gola hain zuzen ere. Hirunako berdinketaz amaitu zen partida, eta penaltietan, Liverpoolekoak gailendu ziren.
Abestiari dagokiola, onartu behar dut aurreneko aldiz doinua entzun nuenean gustatu zitzaidala nahiz eta letrari ez nion erreparatu. Toki askotan entzun badaiteke ere, Celtic Park edo Anfielden entzun behar omen da. Zirraragarria da, milaka jarraitzaileren ahotsez entzutea. Baina doinua edo kantatzeko era hunkigarria bada ere, are gehiago bere letra. Youtube-n bilatu dut kanta, eta azkar ikusi dut ondoen interpretatzen dutenak Gerry & Pacemakers direla. Taldearen izena ere gustatu zait, Pacemakers, eta horretan hizki bat gorabehera, antzekotasunik ere ikusi dut, nahigabean, Pacemakers baino, Peacemakers irakurri baitut.
Kantaren letra arretaz irakurri dut, baina niri ez zait futbolaren irudirik etorri: When you walk through a storm, hold your head up high, and don't be afraid of the dark; at the end of the storm there is a golden sky and the sweet silver song of the lark (Ekaitzaren azpian zabiltzanean, eutsiozu tente buruari eta ez zaitez beldurtu iluntasunarengatik, ekaitzaren ostean eguzkiaren argia aurkituko duzu, eta larretxori baten kanta goxo eta eztia). Irakurtzen ari nintzen bitartean, haiekin, barkatu, zuekin, akordatu naiz eta horregatik pentsatu dut sentipen hori publiko egitea eskutitz honen bitartez, konpartitzeko aukera izan dadin. Walk on through the wind, walk on through the rain, tho' your dreams be tossed and blown (Segi ezazu haizean zehar, segi ezazu eurian zehar, zure ametsak txikituta apurtzen badira ere). Pentsatu dut zenbat aldiz ibili zareten, uda eta negu, eguzki zein euri, zenbat autobus, zenbat tren, zenbat barrera, zenbat ate, zenbat... eta balantzaren beste platerean, berrogei minutu, besterik ez. Zuen kontrako ekimenetan beti saiatu izan dira bakarrik sentiarazten, zuen hurkoak Tom-tom-ak kostata aurkitzen dituen tokietara eramanez, eta horretan ere kale egin dute, gutxien espero zen tokietan elkartasuna eta babesa ere aurkitu dituzuelako, bihotzean esperantza daramazuelako.
Walk on, walk on with hope in your heart, and you'll never walk alone, you'll never walk alone. (Ibili, ibili, esperantzaz zure bihotzean, eta inoiz ez zara bakarrik ibiliko, inoiz ez zara bakarrik ibiliko). Gure taldeari dagokiola, buruaz eta bihotzaz jokatzen, markagailuari buelta ematen ari gara. Presoei dagokiela, gai hau agenda politikoan dago, eta gainera lehen mailan kokatua, nazioarteko eragileak ere gaiaren gainean daude. Gero eta gehiago entzuten dira adierazpenak, esanez, espetxe politika bere horretan mantentzea eskandalu larria dela eta jendartearen iritzia gaur, Bilbon, horren lekukoa izango da, modu kolosalean gainera, posizio guztiak beraz, ondo zainduta eta erasorako prest.
Egin Dezagun Bidea esaten hasi ginen, eta egingo dugu, helmugaraino, guztiok batera, eta horretarako maitasunezko hiru arrazoi ditugu: geure herria eta haiek maite ditugun eran, zuek ere maite zaituztegu. Guztion ekimenaz euskal presoen aurka darabilten zigor, erabilpen eta mendeku klabeetatik, konponbide demokratiko baten klabeetara eramatea lortzen dugun artean, zuei, apaltasunez, mezu zuzena igorri nahi dizuet: Egiten ari garen Bide honetan: Ez zarete inoiz bakarrik ibiliko. You will never walk alone!