GARA > Idatzia > Kultura

NARRAZIOA

Lilura birtuala

p041_f01.jpg

Iker ZALDUA

Era asko dago istorio bat kontatzeko. Gizakiak burujabetzaren kontzeptua baitaratu zuenetik, nia eta nia ez dena bereizten ikasi zuenetik, inguruarekiko kezka garatu zuen. Ingurunearekikoa eta beste gizaki batzuenganako ardura, jakin-mina. Horren ondorioz, sentimenduak azaleratu ziren gizakiarengan, esate baterako, poza, tristura, etsipena, mina eta baita maitasuna ere. Sentimendu horiek agertzeko moduak zenbatezinak dira. Gizartean mendeak pilatzen joan diren heinean adierazpide berriak agertu dira eta esateko modu berriak ere bai.

Literaturak adierazpide horien bilduma-lana egin du nolabait, keinu bidezko deklarazioetatik sare bidezko deklarazioetara igaro gara, tartean, besteak beste, ahozko deklarazioa atxikiz. Horrenbestez, bilakaeraren lekukotza-lana burutu du literaturak, bide batez, bere adierazpide ezberdinak baliatuz. «Ipar haizearen kontra» honetan bilakaera horren beste urrats bat gordetzen da. Informazioren eta komunikazioaren teknologia da azken adierazpide nagusia, Internet produktu ikur izanik. Sare horretan ustekabean elkartu dira Emmi eta Leo, Leo eta Emmi. Elkarri mezuak igortzen dizkiote, tronpatuta lehenik, emakumeak beste hartzaile bat du buruan, baina ordenagailu hizkietan nahasi eta Leo da pantailaren beste aldean bere mezuak jasotzen dituena. Pixkanaka tronpaturiko mezuak zirenak, berariazko bilakatzen dira eta ezinbesteko azkenean, hil ala biziko ia. Posta elektronikoak dira liburuan irakurriko ditugun hitz guztiak, bi norabideetan iristen diren mezuak. Dena den, bada hirugarren pertsona bat, hirukiaren goiko erpinean kokatzen dena, istorioari zentzua ematen diona edo kentzen diona, eta inoiz edo behin hark ere sakatzen du bere teklatua sentimenduak agertzeko. Hiruki formako istorio askotan bezala, maitasun kontuak gordetzen dira hemen ere irudi geometrikoaren barnean. Maitasun birtualak mehatxu egiten dio «bizimodu errealeko» maitasunari, mundu birtualak mehatxatu egiten du «bizimodu erreala».

Posta elektroniko bakoitza bikain hornituta dago. Ederki islatu du idazleak ordenagailuaren anonimotasunak mezuak atontzeko orduan ematen duen abantaila. Elkarrekin hizketan ari dira Emmi eta Leo, eta ederki baliatzen dute biek esaldiak loratzeko abagunea, esaldi perfektuak eraikitzen dituzte, aurrez aurre esango ez luketena era zolian adierazten dute. Elkarrizketak modu horretan oso biziak bilakatzen dira, ez dago hitzik soberan, ez dago alferrikako hitzik. Horrela erraza da zuntz-optikoan barna lilura garraiatzea. Lilura birtuala ordea, ahozko komunikazioan sortzen ia ezinezkoa dena, eta biek badakite hori, horregatik aurrez aurreko zita baterako tentazioa ukaezina izan arren, etengabe saihesten dute aitzakiaz aitzakia; birtualtasuna galduta, lilura desegingo den beldur.

Horrenbestez, irakurleak erraz irakurriko du liburua, erritmo biziz. Mezuak segidan irakurtzen dira, telegramak bailiran. Mezu bat bestearengandik bereizteko bidalketari ordua ipini dio Glattauerrek. Horrela irakurleak badaki noiz eta nor ari den aldiro mezua bidaltzen. Arestian esan bezala, maitasun istorio bat da, ezinezko maitasun baten istorioa, ezintasunak ematen duen kutsu dramatikoa ironiazko umore zertzelada ugariz apaintzen dena. Merezi du irakurtzea, hiruki hori marra zuzen bilakatzen den jakiteko modu onena horixe da gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo