Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Lope de Aguirre (I)
Herri orok ditu bere mitoak, bere izen eta izanari zentzua emango dioten istorio eta historiak, literatura propioa hitzaren zentzu zabalean. Ez dago ezer txarrik horretan, baina mito horiek arazo iturri bilaka daitezke modu akritikoan onartu egiten direnean.
Kasu horretan, norberaren izen eta izana, hots, subiranotasuna aldarrikatzea helburu duten mitoek beste batzuen subiranotasuna uka dezakete aldi berean. Horixe da, hain zuzen, Lope de Aguirreren izena Euskal Herriko historiako izen handien zerrendari gaineratzen zaionean gertatzen dena, egunkari honek 2012ko egutegian egin duen bezala.
Kolonizatzailearen izenaren azpian, bi gertakari agertzen dira (Lope de Aguirre zerrendari gaineratua izatearen argibide gisa): Espainiako koroari aurre egin izana, eta Ameriketan «libertadore» kontsideratua izatea. Lehen gertakaria ez zait arrazoi nahikoa iruditzen inor historiaren analetara igarotzeko, susmoa baitut hainbat zirkulutan Espainiatik datorrenari, kultura barne, dioten gorrotoan oinarrituta dagoela. Gainera, Lope de Aguirrek ez zion Espainiako koroari aurre egin sentimendu euskal nazionalista batek jota. Izatekotan, sentimendu kolonizatzaileak jota egin zuen; gaur egun AEBak diren lurraldeko kolonoek britainiar koroaren kontra aritzera bultzatu zituen sentimendu berberak, alegia.
Horri lotuta dago «libertadore» tituluaren jatorria eta esanahia. Titulu hau ez zioten Lope de Aguirreri indigenek eman, indigenei subiranotasuna ukatu ostean lurraldeko seme-alaba bilakatu ziren horiek baizik (kolonoaren naturalizazioa indigenaren presentzia ezabatu ostean soilik gerta daiteke).