GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Turkiako Armadako buru ohia kartzelan, herrialde haren sakoneko arazoa agerian

Turkiako Armadako Estatu Nagusiko buru ohi Ilker Basbugen kartzelatzea ez da salbuespena izan. Maila horretako lehen militar kartzelatua bada ere, ez da atxilotutako goi-mailako militar bakarra. Izan ere, Ergenekon izeneko konspirazioarekin zerikusia izatea leporatu diote, eta gogorarazi beharra dago «Ergenekon auzian» dozenaka agintari militar ohi, politikari, kazetari eta akademiko epaitu zituztela orain dela bi urte, gobernua desegonkortu eta kolpe militar baterako baldintza egokiak sortzea helburu izateagatik. Basbugek, egotzitakoaren arabera, AKPren Gobernuaren aurkako propaganda hedatzeko web orriak sortzeko agindu zuen. Basbugen kartzelatzeak, azken urteetakoekin batera, Turkiak duen arazo larria agerian, ageriago, uzten du. Inperioaren ondorengo Turkia modernoa aldarrikatzen duten muturreko nazionalistek Armadako goi-karguak dituzte Ataturken legatuaren «jagole», eta horiek lau gobernu desegin dituzte 50 urtean. Horien eta Recep Tayip Erdoganen Gobernuaren arteko norgehiagokan, Basbug kartzelatzea azken kapitulua da, eta Gobernu islamistaren erabakitasuna erakutsi du, baina muturreko nazionalistak amore emateko prest ez daudela ere bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo