GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarren hitza kontuan hartzeko eskatu diote Uztaritzeko Udalari

Herriko Etxeak hiri antolamendurako plana abian jarri du. Herritarrek egitasmoa salatu eta bertan behera uzteko eskatu zuten atzo. Beren iritzia kontuan hartu beharrekoa dela aldarrikatu zuten.

p013_f01.jpg

Ainize BUTRON | UZTARITZE

Uztaritzeko Herriko Etxeak herri barruan ibilgailuen zirkulazioa mugatzeko finkatu duen egitasmoa azaldu zuen azaroaren 1ean. Hiriberri eta erdialdeko auzoetan eragingo du gehienbat proiektu horrek, eta karrika zenbaitetan autoentzako noranzko bakarreko zirkulazioa ezartzeaz gain, aparkalekuen sorrera aurreikusten du. Azaroan finkatu zuen egitasmoa, eta lanak egiten martxoan hasi nahiko luke Herriko Etxeak.

Lanak hasi aurretik, herritarren artean ezadostasuna piztu da, ordea. Atzo, joan den abenduaren hasieran sorturiko Purguko-Hiribehereko Karrika elkartearen berri eman zuten herritarrek, eta talde horren helburu nagusia proiektuari aurre egitea dela azaldu zuten.

«Ados gaude hiriaren antolaketa berri bat landu behar dela, baina egitasmo horrek guztien beharrei erantzun beharko lioke», nabarmendu zuten Marko Armspach eta Miguel Haran elkartekideek. Purguko-Hiribehereko Karrika elkarteak, izan ere, herria berrantolatzeko plan bat martxan jartzeko herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen, eta eskaera hori zuzenean helarazi nahi izan zion atzo Udalari.

Proiektuak auzo bakoitzak duen bizimoldea kontuan hartu beharko lukeela uste dute elkarteko kideek. Bestalde, erdialdea berrantolatzeko lanen gaineko informazioaren gabezia ere salatu zuten.

Herriko Etxearen jokabidea zer-nolakoa izan den agerian jartzeko, Purguko-Hiribehereko Karrika elkarteko kideek gogora ekarri zituzten Udalak eginiko urratsak. Azaroaren 1ean, udaletxeko iragarki taularen bidez eman zuen egitasmoaren berri. Baina gaineratu zutenez, «Herriko Etxeak landu du egitasmoa, baina herriko kontseiluko hautetsi batzuk baztertuak izan dira». Jarrera hori ikusita erabaki zuten herritarrek elkartea osatzea, eta joan den abenduaren 22an lehen bilkura ukan zuten auzapezarekin.

«Bilkura horren ondotik, Herriko Etxeak bigarren bilera bat proposatu zigun urtarrilerako, eta hitzordu horretan proposamen zehatzak egiteko erran zigun», gehitu zuen Armspachek.

Berrehun herritar

Proposamen zehatz bat landu ahal izateko oso txikia da, ordea, Udalak finkaturiko epea, elkarteko kideek nabarmendu zutenez. «Bertara ez gara hurbilduko proposamenekin, baina bai galderekin, egitasmo zehatza zein den ez baitakigu», azaldu zuen Haranek. Bitartean, bi auzoetan sinadura-bilketa kanpaina egin du elkarteak. Orotara berrehun bat herritarrek babestu dute aldarrikapena. Egitasmoa bertan behera uzteko, eta herritarrekin eztabaida abiatzeko eskatzen dute, hain zuzen. «Ez da baitezpadakoa proiektua orain egitea, itxaron dezake. Egitasmoa ez da oraindik guztiz finkatua, beraz, ez du zentzurik lanak berehala hastea», nabarmendu zuten berriz elkarteko bi ordezkariek.

Atzo, prentsa agerraldia egin ondotik, auzapezari helarazi zizkioten bilduriko berrehun sinadurak.

baztertuak

Herritarrek diotenez, ez dute informazio orokorrik jaso Herriko Etxeak duen asmoari buruz. Elkarteak atzoko agerraldian salatu zuen Udalak bilkurak egin dituela, parte hartzeko deia auzokide guztiei egin gabe.

Zehaztasunak

Uztaritzeko herritarrek proiektuari buruzko informazioa eskatzen dute. «Ez dakigu zergatik egiten duten proiektua, ezta zer dirurekin egingo duten ere», salatu zuten elkarteko bi kidek atzoko agerraldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo