GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oxandabaratz eta Mujika askatzeko aldarrikatu dute Donibane Garazin

Intza Oxandabaratzen eta Julen Mujikaren askatasuna aldarrikatu zuten atzo 120 lagunek Donibane Garazin, urteko bilana egiteko asmoz auzapezak herriko etxean egin zuen ekitaldia profitatuz.

p012_f02_148x092.jpg

GARA | DONIBANE GARAZI

120 lagunetik gora bildu ziren atzo Donibane Garaziko herriko etxearen aitzinean, Intza Oxandabaratzen eta Julen Mujikaren egoera salatzeko. Joan den urteko bilana egin eta aurtengo asmoen berri emateko Donibane Garaziko auzapezak antolatu zuen ekitaldia profitatu zuten horretarako. Traktak banatu, eta «Errepresioari Stop. Aterabide demokratikoa» leloa zuen banderola zabaldu zuten.

Auzapezaren ekitaldira joandako hautetsiek trakta edo esku orriak jaso zituzten. Bertan, Oxandabaratzen eta Mujikaren askatasuna aldarrikatzeaz gain, Euskal Herrian abian den prozesuaren aldeko jarrera hartzeko deia egiten zieten Donibane Garaziko herriko etxean bildu ziren hautetsiei.

Mobilizazioaren antolatzaileek GARAri adierazi ziotenez, hautetsi guztiek harrera ona egin zieten traktei. «Intza eta Julen ahantziak ez izatea bilatzen genuen, eta hori lortu dugu. Jendearen partetik erantzun ona izan da eta elkarretaratzean jende ugari biltzea lortu dugu», nabarmendu zuten mobilizazioaren antolatzaileek.

Iazko abenduan atxilotu zituen Polizia frantsesak Oxandabaratz eta Mujika, beraien etxean, Donibane Garazin, ETArekin harremana zutelakoan. Erau Okzitaniako departamenduan antzemandako zuloen ardura egozten zieten. Pariserat igorriak izan ondoren, Laurence Le Vert epaileak espetxeratu egin zituen Osnyn eta Fresnesen.

Atxiloketok salatzeko 800 lagunek manifa egin zuten Donibane Garaziko karriketan abenduaren 17an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo