GARA > Idatzia > Kultura

Internet bidezko aurreneko hitano ikastaroa sortu dute, teoria eta praktika biltzen dituena

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Hitanoa, mintza hadi lagun!» hika egiten ikasteko gidaliburua oinarri hartu, Internetera egokitu, eta lehendabiziko on line ikastaroa jarriko du martxan Maramara taldeak heldu den astelehenean. Hamalau aste iraunen ditu; astean ordu eta erdi-bi ordu izanen dira eta, horretaz gain, ordu bateko mintzamen saioa, teoria soilik ez, erabilera ere landuko duelako ikasleak.

Interesa dutenek aste honen bukaerara arte dute izena emateko aukera, http://hitanoa.com gunean, 400 euroan. Webgune hori hitanoaren inguruko erreferentzia bilakatu nahi dute, ikasleek Maramarak sortutako zerbitzuak ez ezik, bertzeenak ere eskuragarri izateko.

Ritxi Lizartza eta Eneko Haritza irakasleek atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, 25 bat aurrez aurreko ikastaro eman dituzte hitanoari buruz, ia denak aurrez aurrekoak, orain dela bi urte liburua atera zuten eta, azkenik, hainbat lekutako ikasle eta irakasleak erosoago aritzeko eta garai berrietara egokitzeko, Internetera egin dute salto. Hau da on line emanen duten lehendabiziko ikastaroa, baina ondotik bertze batzuk etorriko dira; itzulpen memoriari buruzkoa, bertzeak bertze. Moodle plataforma erabiliz, formatu arinagoan jarri dute informazioa ikaslearen eskura. Alde batetik, azalpenak eta ariketak daude; bertzetik, alde praktikoa.

Hizkuntza bat ikasi nahian ari denarentzat hagitz garrantzitsua da solas egitea eta, horregatik, Bilgunea atala sortu dute, ikasleek elkarrekin ariketak egiteko, txateatzeko edo Skype bidez hitz egiteko.

Ikastaro honekin batera, Skypez egiteko mintzasaio sorta ere eskaintzen dute, eta heldu den astetik aitzinera Bagerarekin batera aurrez aurreko hitano ikastaroak eginen dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo