GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bilboko PPk eta PSOEk gazte lokalen erabilera arautzea proposatu dute

Bilboko Udaleko PPk eta PSOEk gazte lokalen erabilera arautzea proposatuko dute hurrengo osoko bilkuran. PPk lokalentzako gutxieneko baldintza batzuk eta aholku zerrendak aipatu ditu. PSOEk, berriz, lokalak arautuko lituzketen segurtasun protokoloak ezartzea nahi du.

GARA | BILBO

Bilboko Udaleko PP eta PSOE alderdiek, gazte lokaletan istripuak eta auzoko arazoak ekidite aldera, horien erabilera legeztatzeko proposamen bana egingo dute, urtarrilaren 26ko osoko bilkuran.

Bilboko Udaleko Alderdi Popularreko bozeramaile Cristina Ruizek atzo azaldu zuenez, bere alderdiak aurkeztutako mozio horrek Azkunaren gobernuari «gazte biltokien inguruko errolda» osatzeko eskatzen dio.

Horrez gain, PPk gazteek betebeharreko gutxieneko baldintza batzuk eta aholku zerrendak osatzea proposatu du gazteek txoko horiek behar bezala erabil ditzaten.

«Helburu nagusia istripuak ekiditea da», zehaztu zuen Ruizek, urtarrilaren 6an Elorrion gertatutako suteari aipu eginez; Andoitz Arabiourrutia 24 urteko gaztea hil zen ezbehar horretan.

Bestalde, Cristina Ruizek, gazte bilbotarrek oro har «jarrera ona» dutela nabarmendu bazuen ere, Bilbon, gazte lokal batzuek auzokideen artean istiluak sortu dituztela gogorarazi zuen, horiek «gero eta maizago» gertatzen direla gaineratuta. Zentzu horretan, Alderdi Popularrak azken bi urteetan auzokideek 25 salaketa jarri dituztela adierazi zuen eta joan den abenduan Santutxu auzoan gazteen artean gertatutako istiluak gaitzetsi zituen.

Segurtasuna handitu

Bilboko Alderdi Sozialistak bestalde, hurrengo osoko bilkuran honakoa proposatuko duela jakinarazi zuen prentsa ohar baten bitartez: gazte lokalak arautuko lituzketen segurtasun protokoloak martxan jartzea.

Egitasmoak, euren hitzetan, lokal horien erabiltzaileen segurtasuna eta inguruan bizi diren auzokideen lasaitasuna bermatzea du oinarri.

BAKOITZAK BEREA

Bilboko Udaleko PPk gazte lokalek gutxieneko baldintza batzuk betetzea eta horientzako aholku zerrendak egitea proposatu nahi du. PSOEk, berriz, gazte biltoki horiek arautuko lituzketen protokoloak martxan jarri beharra dagoela uste du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo