GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Batere graziarik izango ez duten ehun grazia egun

Euskal herritar guztiok borrokatu beharko genuke, subiranistak edo independentistak edo erregionalistak izan edo ez; azken batean, herri baten etorkizunarekin batera, geure etorkizun pertsonala ere kolokan baitago

Ohikoa da gobernu berriei ehun egun ematea grazia edo fabore edo adeitasun moduan. Ohikoa da, era berean, ehun egun horiek behin pasatuta, balorazioa egitea, bai gobernua osatzen dutenek, bai eta oposizioan daudenek ere. Ehun egun, hiru hilabete baino zertxobait gehiago. Ba, Espainiar Gobernu berriaren ehun egun horiek ez dute batere graziarik izango, ez digute ehun egun horietan ezelako faborerik egingo -guri, behintzat- eta ez daukate batere adeitsu izateko asmorik.

Honela, herenegun bertan onartu zen Estatuko Kongresuan lehenbiziko neurri sorta, defizit publikoa murriztera bideraturik gehienbat. Baina defizit murrizketa honen atzean, batez ere sektore publikoa murriztea dago. Eta, jakina denez, zenbat eta gehiago argaldu sektore publikoa, orduan eta gehiago loditzen da sektore pribatua, hau da, gutxi batzuen negozioa.

Baina benetan gizentzeko, sektore pribatuko lan merkatua ere «ikutu» behar da. Eta, hortaz, hor daukagu gainean lan erreforma, enplegua sortu beharraren leloak lagundurik. Cuando se crea empleo, señorías, crece la libertad, esan zuen lehengo egunean Rajoyk, baina eskumak «libertatea» esaten duenean «liberalismoa» besterik ez du esan nahi. Enpleguak urritzen jarraituko du, eta are txarrago, sortzen hasten denerako, enplegu are prekarioagoa, are malguagoa eta are desegonkorragoa izango da. Gure arteko gatazkan langileok makurtu eta kapitalak posizioak irabazteko helburu maltzurra, langileon onerako delako gezurraz.

Sektore finantzarioa ere erreformatuko dute. Baina inork ez dezala pentsatu bankuek dirua bueltatzeko eta gehiagorik ez lapurtzeko izango denik. Eta babes soziala ere bai: pentsio erreforma berria, langabezia prestazioak... Eta aberastasuna pilatzen jarraitzeko, fiskalitatearen errefor- ma edo ley de apoyo a los emprendedores delakoa. Legealdi osoa daukate, baina konturatu baino lehenago ekingo diote.

Eta lurralde batasuna indartzea ezinbesteko baldintza denez estatu proiektu ultraneoliberala «ganoraz» burutzeko, neurri batzuk honetara espresuki bideratuta egon arren (administrazioaren edo hezkuntzaren erreforma, kasu), zentralizazio prozesua abian jartzeko nahikoa da azaldutako legeak inposatzea eta lurralde guztiak politika berberak egitera behartzea. Zerbitzu publikoak, lan baldintzak, babes soziala, zergak, aurrekontuak eta bestelako «txikikeria» batzuk Madrilek bakarrik erabakitzen baditu, non gelditzen gara gu? Egia da lurralde ereduak ez digula balio ez batzuoi ez besteei, baina zertarako zabaldu eztabaida edo ika-mikarako zirrikiturik estatu osoa de facto zentralizatu ahal bada?

Euskal herritarrontzat ez da etorkizun aukera bat hondoratzen ari den Estatu batekin uniformizatzea, are gutxiago honelako parametroetan uniformi- zatu nahi bagaituzte. Eta hor euskal herritar guztiok borrokatu beharko genuke, independentistak edo subiranistak edo erregionalistak izan edo ez; azken batean herri baten etorkizunarekin batera, geure etorkizun pertsonala ere kolokan baitago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo