GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Bakartxo Ruiz Jaso Bilduko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan

Aintzat har dezatela

Oinarrizko eskubideez ari gara, beraiek ahotan darabiltzaten berberak. Eta eskubideak ezin dira baldintzapean jarri, nahiz eta batzuek trikimailuz jokatu, urratsak ematearen ardura saihesten saiatzeko

Igande goizeko ajea. Aje atsegina, oraingoan. Egunkariak irakurtzeko irrika, kalean bertan antzeman ezin izandakoa argazkietan ikusteko grina. «Mobilizazio historikoaz», «mugarriaz», «inflexio uneaz», ari dira. Euskal jendarteak inoiz baino ozenago eta argiago aldarrikatu du euskal preso politikoen eskubideak errespetatu egin behar direla, lehenbailehen, inongo baldintzarik gabe. Ez naiz luzatuko biharamuneko prentsan hainbatek egindako balorazioak eta hausnarketak errepikatzen. Larunbatean Bilbon egon ginenotako bakoitzak badakigu bertan bizi izan genuena, sentitu izan genuena.

Malkoak begietan. Bihotza, bertatik ehunka kilometrora. Eta gogoa errepidean, baina oinak lurrean, bidea eginez. Nekez aurrera eginez, izkina guztietan metatutako jendearen artean. Larunbatean egin genuen bidea ez zen erraza izan, ez, baina jende andana kolosalak bultzatuta egin genuen. Eta bidea eginez jarraituko dugu gaur, bihar, etzi. Harrotasunez. Aurrera egiten duen herri baten parte izateaz harro. Gure herria aurrera baitoa, burua tente. Ehunka euskal herritarren eskubideak urratzen diren bitartean mirariren baten zain etxean geratzen ez den herria. Bidearen erdian geratuko ez den herria, azkeneko presoa eta iheslaria etxean ikusi arte bere bideari utziko ez dion herria.

Zalantzarik gabe, larunbata sentimenduz beteriko eguna izan zen. Baita hutsuneak sumatzekoa ere. Hutsune horietako batzuk aspaldikoak dira, baina gero eta zailagoa da horiek ulertzea. Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikal anitza larunbatean kalera irten zen moduan irtenda ere, EAJk beste liga batean jokatzen jarraitzen du. Nahikoa du, dagoeneko. Bere interesak lehenesten jarraitzen du, etekin politikoa nondik erdietsiko, herri honen borondatearen gainetik, bere oinarri sozialaren beraren gainetik ere, itsu. Zer ekarpen egiteko asmoa du EAJk prozesu honetan? Bada garaia hitzetatik ekintzetara igarotzeko. Bada garaia duintasunez jokatzeko. Besteoi etengabe urratsak eskatzeari utzi eta gure herriaren gehiengoak eskatzen duenarekiko oinarrizko konpromisoren bat hartzea dauka, behingoz.

Eta sentimendu nahasketa horretan, Areatzerako bidean aurrera egin ahala, beste hausnarketa bat etorri zitzaidan gogora. Begien aurreko zapi hori bera dela Nafarroako Gobernuak kendu nahi ez duena. Jarraitzen dute esaten kontu hau ez dagokiela beraiei, beren Nafarroa foral eta espainiarrean ez dagoela hitz egiterik inongo gatazkaz, presoen egoeraz, normalizazio politikoaz, eskubide zibil edo politikoez.

Baina badakite lehenago baino beranduago garai berri honetan beren burua birkokatu beharko dutela. Saihestezina izango dute beren erantzukizunari heltzea eta urratsak ematen hastea bakearen eta normalizazio politikoaren eraikuntzan. Egoera berria kudeatu beharko dute, errealitatea ezkutatu eta eskubideak ukatzen dituen jarrera hori bertan behera utzita. Beren diskurtsoa eraikitzeko urteetan baliatu duten jarrera erosoa alde batera utzi beharko dute.

Eta manifestazio kolosal honen biharamunean, Nafarroako Gobernuari are ozenago exijitzen diogu garai berri honetan inplika dadin. Arduraz, zintzotasunez eta seriotasunez.

Izan ere, oinarrizko eskubideez ari gara, beraiek ahotan darabiltzaten berberak. Eta eskubideak ezin dira baldintzapean jarri, nahiz eta batzuek trikimailuz jokatu, urratsak ematearen ardura saihesten saiatzeko. Garaile eta garaituen diskurtsoa egiteko beharra dute, gatazkaren izaera politikoa bera desitxuratzeko. Baina larunbatean jendarteak bidea zein den argi erakutsi zuen, eta ez gaituzte horretatik desbideratuko. Urrats irmoz ekin diogulako bideari, eta badakigulako ez zela larunbatean amaitu. Bideak aurrera jarraitzen du, eta bide horri eutsiko diogu, tai gabe, helmugara iritsi arte. Badakite. Bada garaia aintzat har dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo