Ezin lotsagarriagoa, Nafarroan ETB ikustea dela eta ez dela Iruñeak eta Lakuak izandako jarrera
ETB ikustea nafarren eskubidea ere bada. Euskal hiztunena eta guztiena, eta Nafarroako Gobernuak entzungor egin ez ezik, kontrako jarrera erakutsi du, nafarrei eskubide hori kentzea helburu izanik, eta telebista horretako hainbat lanpostu kolokan jartzeraino iritsi da. Ez da berria Gobernu horren euskararekiko jarrera, aurkako jarrera, hain zuzen, eta ez da berria beste arlo batzuetan ere nafarren eskubide eta eskaerei ez-ikusia egitea. Baina ETB ikusteko aukerari dagokionez, gainera, kontua are larriagoa da, bai Nafarroako Gobernuak bai Gasteizkoak gezurra baliatu baitute beren borondate politikorik eza ezkutatzeko; ulertezina bada ere, nafarren eta gainerako euskaldunen arteko harreman normalizatuen beldur baitira. Gobernuok esaten zutenez, Nafarroan ETB ikusteko lanak milioi bat euroko kostua izango luke, baina EAko hainbat kidek erakutsi dute ez lukeela 40.000ko kopurua gaindituko, alderdi horretako kide horiek ahalbidetu baitute 11.776 euroan Iruñerrian ETB ikustea. Eurek ordaindurik, jakina. Txalotzeko ekimena gizon-emakume horiena, Iruñeko eta Gasteizko gobernuen jarrera lotsagarria are lotsagarriago utzi duena.