Laura MINTEGI Idazlea
Bozeramaile analfabetoak
Inori ez litzaioke bururatuko bozeramaile analfabetoa jartzea komunikazio arloa betetzeko. Alderdi politiko batek, ordea, behin eta berriz egiten du. Kareleraino nago dagoeneko. Unean uneko gaiaz iritzia emateko eskatzen diete hedabideek eta, gertaera bat jazo bakoitzean, han agertzen dira irrati-telebistan. Eta, hara, ETB1en eta Euskadi Irratian euskaraz jardun behar dute, noski.
PPren iritzia euskaraz emateko, lehen Carlos Iturgaitz eta orain Laura Garrido da bozeramailea. Eta nahikoa da, jainkoarren. Batetik, azalpen hutsalak ematen dituelako. Berea den ideia bakarra esan gabe, alderdikideek gaztelaniaz aurretik esandakoa sinplifikatu, erraztu, arindu eta infantilizatu egiten du, karikatura bihurtzeraino. Kontsigna hutsak esaten ditu, garatu gabeko leloak, pin batean sartzeko modukoak.
Bestetik, darabilen euskara negargarria delako. Ergatiboaren zain egoten naiz sarri, inoiz helduko ez bada ere. Komunztadurari emandako ostikadak mina ematen du sabelean. Nekez asmatzen du adizkia ondo jartzen, eta askotan interpretatu behar da zer arraio esan nahi duen. Eta akatsak urtez urte errepikatzen ditu, irratiz irrati, telebistaz telebista.
Euskaldunok errespetu handiagoa merezi dugu. Gaztelaniaz honelako maila eskasa edukiz gero, ez dago bozeramaile izendatuko zituen alderdirik, alderdiek ez dutelako analfabetorik eledun izendatu ohi. Noiz arte irentsi behar dugu laidoa? Hedabide euskaldunek ez al dute irizpiderik? «Aniztasun politikoa» (barka karkara) duintasunaren gainetik al dago?
Normaltzat jotzen dugu iraina. Baina iraina da, mila eta bi bider errepikatuko bada ere.