GARA > Idatzia > Kultura

Nafarroako euskarazko hedabideei laguntzeko mozioa baztertu dute

Nafarroako Legebiltzarrak atzera bota zuen atzo Gobernua euskarazko komunikabideak beharrezko baliabideez hornitzera bultzatzeko mozioa, aldeko bost eta kontrako hamar bozekin. Mozioa aurkeztu zuten taldeek -Nafarroa Baik, Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak- bozkatu zuten alde; UPNk, PSNk eta PPNk, aldiz, kontra. Hedabideok kinka larrian dira.

p047_f01.jpg

Maider IANTZI | IRUÑEA

Administrazio publikoari dagokio, Euskararen Legearen 27. artikuluak dioenaren arabera, komunikabide sozial publiko zein pribatuetan euskarak gero eta leku handiagoa izan dezan sustatzea, eta hori betetzeko exijitu zieten NaBaik, Bilduk eta I-Ek Gobernuko kideei. Hezkuntza Batzordean bozkatutako mozioak bigarren puntu bat ere bazuen, 2009an batzorde honek berak Gobernuari komunikabideekin akordio bat lortzeko egindako eskaera betearaztea.

Horren ordez, Yolanda Barcinaren exekutiboak zerora jaitsi du 2012an euskarazko hedabideei zuzendutako dirua. Ez hori bakarrik: ez du neurririk, kuotarik edo betebeharrik ezarri komunikabideek euskara neurri batean edo bertzean erabiltzeko.

Nekane Perez NaBaiko ordezkariak euskara desagerrarazi nahi izatea leporatu zion Gobernuari, euskarak bizirik segitzeko ezinbestekoak baititu hedabideak, eta exekutiboaren diru-laguntzak jasotzen dituzten Canal 4, Canal 6 zein Popular Televisionek ez dutela euren programazioan euskararik sartzen kritikatu zuen, legeak horretara behartzen baditu ere.

«Ez da Gobernu zintzoa»

«Politika epaitegian egiten duen gobernua ez da gobernu zintzoa», erantsi zuen Aitziber Sarasola Bilduko bozeramaileak, eta berak egindako legeak ere ez dituela onartzen ohartarazi zuen. «Beste behin euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen ari zarete, euskaraz entzun, irakurri eta sentitzeko eskubidea».

Mozioa baztertu zuten taldeek argudiatu zuten honek euskarazko komunikabideei soilik egiten diela erreferentzia, ez hedabide guztiei, eta erantsi zuten Gobernuak denetan sustatu behar duela euskara.

UPNko Ramon Casadok gaur egun gizartean gertatzen ari diren aldaketak aipatu zituen. «Aldatu egin dira informazioa bilatzeko eta komunikatzeko moduak eta jendeak sarera jotzen du informazio bila. Hala, idatzizko komunikabideetan nabarmen jaitsi dira publizitatea eta salmentak». Testuinguru horretan, arrazoizkoa ikusten du Casadok, «25 urtez ekarpen ekonomikoak egiten egon ondotik, orain on line egiten diren proiektuak finantzatzea». Gainera, komunikabideetan euskarak gero eta leku handiagoa izan dezan baliabideak jartzen dituztela ziurtatu zuen, beraz, legea betetzen dutela eta horretan jarraitzeko asmoa dutela aurrerantzean, betiere gaurko testuinguru ekonomikoa eta lehentasunak kontuan izanda.

Euskara desagerraraztea

Pedro Rascon PSNko ordezkariak ukatu egin zuen Perezen errana eta ez dutela euskara desagerrarazi nahi argitu zuen. Kontrakoa: babestu egiten duela azaldu zuen, «gure hizkuntzetako bat» delako, «nafar guztien ondarea, ez sektore batena». Gaineratu zuenez, aurtengo aurrekontuen inguruko eztabaida jada egina dago, nahiz eta badirudien orain batzuek errepikatu egin nahi dutela. «Ez da hori egitea dagokiguna». Azkeneko honi Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simonek honela erantzun zion: «Aurrekontuen eztabaida errepikatu eginen da gaur, bihar eta etzi, onartutakoa ez baita egokia».

Topaguneko Oskar Zapatak azaldu zuenez, aurten Gobernuak euro alerik ere ez emateak kinka larrian jarriko du hainbat hedabideren jarduna. «Ez dute euskara sustatu nahi eta ekonomikoki itotzen gaituzte. Euskararen Legea onartu zutenetik lehendabiziko aldiz nominatik desagerrarazi dute euskarazko komunikabideentzako dirua eta falta horrek eragina izanen du guregan», adierazi zuen.

«Ttipi ttapa» aldizkariko Joxema Irigoienek agertu zuenez, autofinantzaketa handia dute eta iaz euren aurrekontuaren %8 betetzen zuen Gobernuak. «Ez da anitz, baina zulo hori ere bete egin behar da. Publizitatea ere murriztu eginen da segur aski, udalek ez dute oraindik erabakirik hartu eta Eusko Jaurlaritzako lehiaketan aurreikusitako diru kopurua bertzeetan baino txikiagoa da aldizkarien kasuan». Hortaz, zenbakiak nola koadratuko dituzten jakin gabe hasiko dute berriro urtea.

Ttipi Txartela indartzen ahaleginduko dira. Txartel honek deskontuak eskaintzen dizkio erosleari denda eta zerbitzuetan eta gero, desgrabazioa egitean, itzuli egiten dio emandako %25 hori. Zazpi langile ditu gaur egun Ttipi Ttapa Fundazioak, horietatik lau aldizkarian.

Xorroxinen ezinegon eta kezka izugarriarekin bizi dute diru laguntzen afera. Josetxo Apezetxeak azpimarratu zuenez, 2008an Euskarabidea sortu zenetik arazoak bertzerik ez dituzte izan, nahiz eta hasieran kontrakoa gertatuko zela uste. Baztan eta Bortzirietako irrati honetan, iazko aurrekontuarekin alderatuz, %10 ingurukoa da aurten Gobernuaren laguntza faltak utziko dien zuloa. Horretaz gain, baliteke bertze laguntzak ere apaltzea. Apezetxearen iritziz, «Gobernuak euskarazko hedabideei eman izan dien laguntza huskeria bat da bere aurrekontuan eta dena kendu izana adierazgarria da, hizkuntza politikarekin lotua dago».

Zerokoa ez, «minuseko» laguntza du Xaloak

Zeroko diru-laguntza «minusekoa» da Xaloa telebistaren kasuan, TDTn emititzeko lizentziarik gabe daudelako. Horregatik, hirugarren urtea izanen dute aurtengoa Nafarroako Gobernuaren sosik gabe. «Gure eskualde osoa TDTaren eremutik kanpo dago eta Parlamentuaren laguntza deialdian ere ezin izan ginen sartu lizentzia faltagatik», jakinarazi zuen Joseba Igarabidek. Hiru urteotan galdu duten dirua 60.000 eurokoa da. Enplegua erregulatzeko espediente bat onartu dute langileek berek eta zortzi orduren ordez lau orduz ariko dira, baina ekoizpen bera eginen dute, proiektu honek berekin baititu duela 15 urte hasi zenetik jendearen inplikazioa eta konpromisoa.

«2012a salbatuko dugula espero dugu eta 2013ra begira ari gara lanean. Zozketa bat egin dugu dirua biltzeko». Ate guztiak jotzeko asmoa dute; TDTa lortzeko berriro joanen dira Parlamentura eta udalez udal ibiliko dira sostengu bila, tokiko informazioa ematen jarraitzeko eta proiektuaren geroa ziurtatzeko. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo