Jon Anza gerra zikinaren biktima dela esateagatik bere senide bat epaitu dute
Jon Anzaren gorpua agertu zenetik bi urte betetzear daudenean, haren senide Garbiñe Alkiza epaitu zuten atzo Donostian, gertaera salatzeko egin zen manifestazioan estatuen gerra zikinaren biktima izan zela esateagatik. Familiak egia jakiteko lanean jarraituko duela adierazi zuen.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Laster bi urte beteko dira Jon Anza euskal iheslari politikoa hilik topatu zutela, Okzitaniako Tolosako Ospitalean. Gertaera inguratzen duten galdera ugariak argitzeko erantzun bila dabiltzan bitartean, Anzaren senide bat, Garbiñe Alkiza, epaitu egin zuten atzo Donostian, 2010eko martxoaren 14an Gipuzkoako hiriburuan izandako manifestazio nazionala amaitzean militantea Estatu frantsesaren eta espainolaren gerra zikinaren ondorioz hil zela adierazi zuelako.
«Estatuko Segurtasun Indarren aurka irain larriak» egitea egotzita, Fiskaltzak Alkizari hamalau hilabetetan zehar, egunero sei euroko isuna ezarri nahi dio. Hau da, guztira 2.520 euroko isunari aurre egitea. Intxaurrondoko bizilagunak ordaindu gabeko bi kuota bakoitzeko, kartzelan egun bat eman beharko luke. Kasua orain epaiaren zain gelditu da.
Jon Anzaren anaia Koldo Anzaz lagunduta, Alkizak epailearen aurrean deklaratzen zuen bitartean, auzoko bizilagunak, baita anzatarren senide eta lagunak ere, «Egia nahi dugu» lelopean prentsaren aurrean adierazi zuten «zehazki zer gertatu zen jakin arte» borrokan eta lanean jarraituko dutela.
Hala, nabarmendu zutenez, oraindik orain misterioa nagusi den bitartean, Jon bahitu eta bere desagertzean parte hartu zutenak inpunitateaz babestuta daude. «Argi dago ez dagoela inolako borondate politikorik Jonen kasuan egia jakiteko. Alderantziz, egia ezkutatzeko eginahalean aritu dira gaur arte, eta horretan ari dira oraindik ere», adierazi zuten Amaia Zurutuzak eta Asier Gonzalezek, gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurren. Intxaurrondoko bi bizilagunak hain zuzen Ertzaintzak identifikarazi egin zituen, prentsaurrekoa hasi aurretik.
Lan handia egiteko prest
Anzaren kasua gerra zikinaren beste kasu bat dela ere aipatu zuten, eta hor Zabaltza, Geresta eta Iantzi ekarri zituzten gogora, zerrenda luzea dela erantsiz.
Herri honek «benetako demokrazia» ezagutu dezan, zabaldu den aro politiko berrian, ezinbestekotzat jo zuten «herritar ugarik pairatu duten errepresio eta jazarpenaren egia oso jakitea eta errekonozitzea».
Atzokoa bezalako epaiketak «onartezinak» direla iritzita, egiaren alde egiteko dagoen lana handia dela baieztatu zuten, baina hori egiteko prest daudela ere gaineratu zuten.
Jon Anza bahitu eta hil arte torturatu zutela adierazi zuten atzo, Donostiako epaitegien atarian. Hori horrela izanda ere, ikerketarik ez dela egin salatu zuten beste behin.