GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Amlin Challenge

Avironek itxura aldatzeko aukera izango du Bordelen

Zuri-urdinek final-laurdenetarako sailkatu nahi baldin badute, lau puntuak eskuratu beharko dituzte.

p045_f01_435x534.jpg

Jon LEUNDA

Avironek denboraldiko egoerarik larrienean egingo dio bisita Bordeleri, gaur jokatuko baitu 20.15etik aurrera Amlin Challengeko neurketa. Garrantzitsua gainera, final-laurdenetan izan nahi baldin badu, garaipena behar baitu. Astebeteko epean bigarren aldiz jokatuko dute bi talde hauek, joan den astean Ligako neurketa izan baitzuten. Orduan frantziarrek sekulako ezustea eta kolpea eman zieten zuri-urdinei, eta orduko arantza ateratzeko balioko die jokalari euskaldunei.

Bi jardunaldi geratzen dira lehen fasea amaitzeko, eta Bordelek gaur egiten duena egiten duela, ez dauka ezer egiteko aukerarik. Beraien erronka Liga izango da. Hori buruan dutela zelairatuko dira, eta orain arte minuturik gutxien jokatu dituzten jokalariek ere izango dute gaur lanean aritzeko parada.

Horrek arrisku handia dakarkio norgehiagokari, jokalari horiek hamabostekoan lekua badutela erakustera aterako baitira, eta galtzeko oso gutxirekin. Beraz, kontuz ibili beharko dute Baionakoek, garaipena lortu nahi badute. Bestetik, Liga bi jardunaldiz etenda egongo da, Europako partidak jokatzeko. Ongi etorriko zaie hori, garaipenak lortzen badituzte behinik behin, horrek Ligako azken itzulian indarrez ekiteko balioko baitie.

Dena dela, Avironen egoera oso larria da, eta kezka handitzen ari da. Orain arte Europan ez dira final-laurdenetan inoiz sartu, eta aurten horretarako ilusiorik bazegoen, baina garbi dago lehentasuna Top 14ak izango duela, mailari eutsiz.

Uste baino okerrago

Avironek taldea aurrean ibiltzeko apustua egin du, baina Biarritz bezalaxe, uste baino askoz ere denboraldi eskasagoa egiten ari da, eta entrenatzaile aldaketak ere ez du ekarri onurarik, alderantziz, taldeak atzeraka egin baitu, eta jaitsierako postuetan daude Biarritzekin berdinduta.

Gaurko ez du hamabostekorik eman Elisaldek, baina pentsatzekoa da, ahal duen onena zelairatuko duela, eta normalean minutu gutxi izaten dituzten jokalariek gaurkoan ere itxaron egin beharko dutela. Aviron sailkapenean bigarren dago Londonen atzetik, eta lapurtarrek bi partidak irabazi beharko dituzte sailkatzeko.

Beharrak

Europan aurrera egitea beti da erakargarria, baina zuri-urdinen agintariek garbi utzi dute aurtengo lehen helburua mailari eustea izango dela, nahiz eta Amlin Challenge ere ez duten baztertu nahi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo