GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Lope de Aguirre (II)

Lope de Aguirre euskal mito modura aurkeztea arduragabekeria galanta iruditzen zait, are gehiago ekintza loriatsu modura aurkeztu nahi denean besteren suntsipena. Joseba Sarrionandiak lezio ederra ematen digu «Lagun izoztua» nobelako pasarte batean, jatorri euskalduneko militar anker batek oihan tropikalaren erdian baserri bat eraiki zuela aipatzen den horretan hain zuzen. Baserriarena keinu ederra irudituko zaie batzuei, militarrak «aberria»-ri dion maitasunaren adierazgarri.

Bada, une batez geure zilborrari begiratzeari utzi eta indigenaren ikuspuntua ulertzen saiatuko bagina, konturatuko ginateke burugabekeria handia ez ezik kolonialismoaren adibide ezin hobea ere badela baserri bat eraikitzea non eta oihan tropikalaren erdian. Bestetik, ohartuko ginateke eraikin hori jasotzeko militarra lurraren jabe bihurtu behar izan zela lehenik, eta bere lanbidea zein den eta kontakizuna zein garaitan kokaturik dagoen kontuan hartuta ez dago azaldu beharrik zein estrategia jarraitu zuen aurreko jabeak «konbentzitzeko».

Poema batean Iñigo Aranbarrik esaten du bera ez dela Astiz kapitaina, Argentinan gizateriaren kontrako krimenak burutu zituena, ez dela bere moduko euskalduna, bere eskuek ez dutela pikanarik oratu, eta militar horren eta haren modukoen indarkeria eta doilorkeria jasan dituzten horiei ez ahazteko eskatzen die, baina bere aberria Astiz kapitainaren modukoen ekintzengatik ez epaitzeko, bere aberria urpean baitago.

Nahiz eta gu ez garen haiek, Lope de Aguirre, Astiz eta enparauak, haiek eragindako sarraskietan parte hartu ez dugun arren, badugu erantzukizun bat biktimekiko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo