Oroitarria jarriko dute gaur Eskoriatzako Aitzorrotz mendian
GARA | IRUÑEA
Eskoriatzako Aitzorrotz mendian zita garrantzitsua dute gaurkoan Debagoieneko herritarrek, bertan Nafarroako gaztelu garrantzitsuenetarikoa izan zena omentzen duen oroitarria jarriko baitute.
Egun berezi honetarako, Eskoriatza inguruko zenbait elkartek egitarau berezia prestatu dute goizean goizetik. Lehenik eta behin, 10.30ean Aitzorrotz mendira igoko dira guztiak elkarrekin. Eguerdian izango da oroitarriaren inaugurazio ekitaldia, eta dantzariek, San Migel bertsolariak eta Petti, Andoni eta Eñaut musikariek alaituko dute unea.
Arratsaldean, jada guztiek sabela ondo bete ostean, mahai ingurua egingo da Aitzorrotzeko gazteluaren gainean Ibarraundi museoan. Hainbat gai aztertuko dituzte: gazteluak Nafarroako erresumaren baitan izandako garrantzia, leku estrategiko horretan zergatik eraiki zen, bertan izandako borrokak... Mahai ingurua gidatzearen arduradunak Iñaki Sagredo eta Joseba Asiron adituak izango dira.
Gauean, eta egunari merezi duen bukaera emateko, nafar jaia antolatu dute Eskoriatzako Inkernu tabernan. Bertara gerturatzen direnek giro bikainaz gozatzeko parada izango dute, Joseba Irazoki eta Petti & Andoni Sound System musikariek kontzertua eskainiko baitute.