GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Trenbide berriaren inguruko gatazka

Abiadurako handiko trenaren aldeko eta kontrakoak, aurrez aurre Ziburun

Alan Rousset Akitania eskualdeko presidentea Ziburuko itsas lizeoan izan zen atzo urte berria opatzeko. Abiadura handiko trenaren ibilbide definitiboa onartu den astean, egitasmoaren kontrako elkarteek protesta ekimen batera deitu zuten. Bi aldeen arteko bilkura baten ondoren, liskarra izan zen Frantxoa Maitiaren eta lurrak galduko dituen Ttotte Elizondo laborariaren artean.

p016_f01_119x104.jpg

Idoia ERASO

Roussetek 12.00etarako etorri behar bazuen ere, 10.00etarako Ziburuko lizeoaren inguruan polizia auto eta kamioiak ikus zitezkeen alde guztietan. AHTren kontra borrokan ari den CADE kolektiboak inguruko militante eta laborariak biltzeko egindako deialdiaren ondorioa zen.

Horiek horrela, 11.30erako lizeoaren sarreran 22 traktore eta 100 pertsonatik gora zeuden protesta egiten, pankartak esku eta ibilgailuetan, non AHTren kontrako esaldiak irakur zitezkeen. Protesta isila izan zen, hitzen beharrik ere ez zuena, izan ere, Ziburun ikus zitekeen irudiak berak aski argi erakusten zuen bildutakoen mezua: laborariak eskas dituen Lapurdiko kostaldean ere herritarrak AHTren aurka daude.

Rousseten zain ziren batzuk «ongietorria» emateko. Baina Akitaniako presidentea jadanik lizeoaren barnean zen, izan ere, protestak saihesteko eguneko egitaraua aldatu zuen, eta, hala, Donibane-Ziburuko portura egin behar zuen bisita ezeztatuta geratu zen. Hala ere, CADEko zenbait kiderekin bilkura bat egitea onartu zuten Akitaniako buruek, agiantzak egin aitzin.

Maitia eta Elizondo

CADEko bost kide, besteren artean Victor Pachon bozeramailea eta Ttotte Elizondo laborari urruñarra, bildu ziren Rousset, Frantxoa Maitia eskualdeko presidenteordearekin eta Sylvianne Alaux kontseilariarekin. Bilkura bukatu eta kanpora ateratzean, giroa berotu egin zen abiadura handiko trenaren ondorioz bere lurrak galduko dituen Ttotte Elizondoren eta Maitiaren artean.

Elizondok, berak eta bere familiak ogibide dituzten lurrak galduko dituela aurpegiratu zion presidenteordeari. Belaunaldietan zehar bere familiarena izan den Xalbat Baita galduko duela esan zuen, eta hori «tren bat pasatzeko» besterik izango ez zela salatu zuen gogorki. Maitiak «interes orokorrarengatik» izango zela erantzun zion.

Politikaria laborariari euskaraz hitz egiten saiatu zen, baina ez zuen lasaitzerik lortu, eta momentu batean «frantses» hitza erabili zuen bere aurka era iraingarrian. Elizondok horrela azaldu zuen ostean: «Nire etsaiak ez dira Rousset edo Bordeletik etortzen diren politikari horiek, hemengo hautetsiak baizik, niretzat ez dira euskaldunak, frantsesak baizik».

Eguerdirako, hautetsiak, eragile politikoak eta sozialak agiantzak ematera etorria zen presidentearen zain zeuden prentsarekin batera. Ordubete Rousseten zain egon ondoren, atzerapena «tentsio egoerak» sortzen dituzten CADEko kideekin eta arrantzaleekin izandako bilkurei egotzi zien. «Tentsio handia dago hemen arrantzaleekin. Protesta mantentzen da AHTren kontra, eta esan behar zutena entzun nahi nuen, laster Bordelen bilkura luzeago bat egongo baita», azaldu zuen.

Lapurdin zegoela baliatuta, Rousset gaur egun Estatu frantsesaren administrazioaren baitan Euskal Herria biltzen duen erakunde bakarra den «Pays» egiturari buruz ere mintzatu zen. Estatuak desagerrarazi nahi duen egitura horiekiko atxikipena azaldu zuen Roussetek: «`Pays' horiek existitzen segituko dute Eskualdeak lagunduta, aski deszentralizatzailea naiz Bordeleko eta Akitaniako zentralizazioan ez sinesteko».

Estatuko deszentralizazioaren aldeko hainbat adierazpen sutsu ere egin zituen presidenteak: «Estatu jakobinoa desberdintasun sortzaile guztietarik txarrena da: dena egin nahi izatea eta ezer ez egitea».

Bere urte berriko agiantzak hasi bezala, AHTren gaiarekin bukatu zituen Roussetek. «Linea berriaren eraikuntzan erabiliko diren lurrak orain babesten ez baditugu, dramak oraingoak baino handiagoak izango dira».

«CADEko jendearekin lanean jarraituko dugu, pertsuasio lana egin behar dugu», gaineratu zuen Akitaniako presidenteak.

Agiantzak bukatzean, Frantxoa Maitia kanpoan zegoen AHTren egitasmoaren alde mintzatzen medioen aitzinean. «Kamioiak behar baditugu trenbideetara pasatu, behar da linea berri bat». Aldi berean, Elizondok egindako salaketari ere erantzun zion: «Tokiko hautetsi anitz badira AHTren alde, nehaur Euskal Herrikoa naiz eta linea berriaren alde naiz».

CADEko Pachonek ezkorki baloratu zuen bilkura. «Aspaldi da gu konbentzitzen saiatzen direla, baina ez dute lortu. Aldiz, gu gure lana ongi egiten saiatu gara eta zenbait jende konbentzitzea lortu dugu», esan zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo