«Atxiloketa herriaren erantzun potentea izango duen unea izatea nahi dut»
Gazte gasteiztarrak ezkutatuta jarraitzen du Justizia espainiarrak ezarri dion zortzi urteko zigorra salatzeko. Helburua ez da bakarrik atxiloketa saihestea. Bere kasuaren inguruan sortutako elkartasun olatua ikusita, herri mobilizazioak beste inork bere egoera bizi behar ez dezan balio izatea espero du.
GARA | GASTEIZ
Lan politiko eta soziala egiteagatik berea bezalako zigorrak salatzeko ezkutatzea erabaki du Ekaitz Samaniegok. Kazetari bati emandako elkarrizketa baten pasarte batzuk dira hauek, gaur bertan Gasteizen, bere kasua salatzeko, eta eskubide zibil eta politikoen alde, izango den mobilizazioaren atarian.
Zerk bultzatu zintuen ezkutatzeko erabakia hartzera?
(...) Argi ikusi genuen irmo erantzun behar genuela, modu agerikoan, kalera atera behar ginela, halako kasuak salatu eta hau bukatzeko gogor lan egiteko. Itxialdiak fruituak eman zituen(...)
Elkartasuna hainbat alderdi politiko, gizarte eragile eta kolektibotatik heldu zaizu. Hori mugarri bat izango da geroan izan litezkeen kasuei begira?
(...)Sektore desberdinetako pertsona guztiek orain egindako lana oinarri sendoa izango da etorkizuneko kasuetarako. Horretarako balio behar du, tamalez gero BATZUK, eta BATZUK letra larriz diot, datozenean, guk ondo erantzuteko. Elur bola baten moduan handitzen joan behar da hau, gero eta indar handiagoa hartu behar du, kasu bakar bat ere erantzunik gabe gera ez dadin bultzada emateko.
Itxialdian zinela esan zenuen ez zenuela espetxea saihesteko esperantzarik. Uste horretan segitzen duzu?
Maila pertsonalean kartzela ekiditeko esperantzarik ez daukat. Baina halako egoera bizitzeko arriskuan dauden pertsonen aldeko lana egiten ari dela ikusten ari naiz, baita lan hori fruituak ematen ari dela ere. Kartzela saihesteko esperantza ez izanagatik, elkartasun mugimendu honek esperantza eman dit, ni halako egoera bat bizi behar duen azkena izateko esperantza, baita egoera berean daudenak ahalik eta azkarren ateratzeko esperantza ere.
Molotov koktel bat jaurti izana eta Segiko kidea izatea leporatu dizute. Zer erantzungo zenieke akusazio horiei?
Esango nieke beren kontuak gero eta jende gutxiagok sinesten dituela; gero eta jende gutxiago engainatzen dute, jendeak gero eta argiago ikusten du zer lan mota epaitzen ari diren herri honetan. Molotov koktela jaurti izanaren akusazioa ni gaizto-gaiztoaren soslaian jartzeko erabiltzen ari dira, baina ni ez noa kartzelara halako ekintza batengatik, baizik eta beste sei urte ezarri dizkidatelako kolektiboetan eta kalean egindako lanagatik.
Noraino iristeko prest zaude?
Batetik, eta kalean nagoen bitartean, gure eskubide subirano alienaezinak berreskuratzeko mugimenduari ahalik eta gehiena emateko asmoz nago. Hori batetik. Bestetik, nire kasuan egon daitezkeen beste guztientzat indartzeko motiboa izatea espero dut, horien aldeko borrokan ere zerbait egin ahal izatea gerora begira. Badakit kalean lanak jarraituko duela eta barruan alboan izango ditudan kideekin batera barrutik lan egitea izango da nire nahia, denon artean gatazka hau arrazoizko agertoki batera eramateko alde guztietatik bultzatzeko.
Pasa den astean manifestazioa izan zen Bilbon. Gaur, mobilizazioa izango da Gasteizen zure egoera salatzeko. Zer esango zenioke euskal gizarteari?
Zorionak emango nizkioke, esango nioke hau dela bidea. Bilboko manifestazioa ikusteak arnasa eman digu niri eta nire egoeran dauden pertsona guztiei. Gure inguruan sufritzen ari diren guztiei. Halako mobilizazioek arnasa hartzea suposatzen dute, bakarrik ez sentitzea. Hori ikustea, herri batek aurrera egiteko gogoa, indarra duela ikustea, garrantzitsua da(...).
Ekaitz Samaniego Gasteizko manifestazioan agertuko balitz, Ertzaintzak atxilotuko lukeela uste duzu?
Oraindik ez dut erabaki noiz agertuko naizen. Eta egiten dudanean, atxiloketa ez da burutuko azkenaldian edo urteetan burutu dituzten moduan. Nik uste elkartasun mugimendu honetan ibilitako guztiek hala ikusten dutela. Atxilotuz gero, hori ez da gertatuko jende horri gustatzen zaion moduan, goizeko ordu txikietan, haiek bakarrik egonda, haiek aldez aurretik abisatutako hedabideetako lagunekin. Nire atxiloketa gertatzen bada, berdin dio hori non izango den, herriaren erantzun potentea izango duen unea izatea nahi dut, agerikoa izango da, eta herritarrari salaketa baten testuinguruan iritsiko zaio. Hala izatea da nire asmoa.
«Elur bola baten moduan handitzen joan behar da hau, gero eta indar handiagoa hartu behar du, kasu bakar bat ere erantzunik gabe gera ez dadin bultzada emateko»