GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA | Euskal Herriko Txapelketa

Abadiño A eta Badaiotz izan dira bigarren jardunaldiko bi talderik onenak

J.L.

Abadiño A eta Badaiotz izan dira Euskal Herriko Goma Gaineko Zortziko Txapelketako bigarren jardunaldiko bi talderik onenak. Bizkaitarrek mutilen 640 kiloko lehen jardunaldia irabazi zuten, eta, arabarrek, emakumezkoen 540ko bigarren jardunaldia.

Gizonezkoetan, 640 kiloko lehen jardunaldia jokatu zen. Hemen bi jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta, gero, sei onenek jokatuko dute finala. Abadiño A taldea zen garaipena lortzeko faborito nagusia, eta bizkaitarrek ez zuten hutsik egin, irabazi egin baitzuten. Beraien atzetik, Ibarra, Sokarri eta Amaiur sailkatu ziren.

Zaleek garbi dute lau talde horien artean egongo dela txapela, eta hasieratik erakutsi dute laurek besteen gainetik daudela. Lehen fase honetan lehiarik handiena finalean zein talde sartzen diren jakitean egongo da, eta atzo, behintzat, Zudairi eta Abadiño B sailkatu ziren bosgarren eta seigarren postuetan. Horiei eutsi egin beharko diete hurrengo jardunaldian. Aipaturikoen atzetik, Basaburua-Imotz, Txantrea eta 6 Conceyos talde asturiarra sailkatu ziren.

Emakumezkoetan beste kontu bat da, hemen hiru jardunaldiko ligaxka jokatzen baitute. Lehen saioan bezalaxe, Badaiotzek irabazi zuen, eta txapela lortzetik oso gertu dira arabarrak. Bigarren Sakana sailkatu zen, hirugarren Ibarra, eta, azkena, Bizindar. Sailkapen nagusia ere horrelaxe dago amaitzeko jardunaldi baten faltan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo