GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TXILLARDEGI HIL DA

Bere ondarea, iparrorratz

Jende andana gerturatu zen atzo Donostiako Errekalde beilatokira jada Euskal Herriaren historiako erreferente eta ezinbesteko ikur den Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»-ri (1929-2012) agur esatera. Lagunen joan-etorri etengabeak marraztu zuen goiza, mugimendu handikoa, hunkigarria, eta, batez ere, «bidea ireki» zuen gizonarentzako laudorioz betea.

p002_f01.jpg

Oihane LARRETXEA |

Txillardegik eta, hortaz, bere lanak, «liluratuta» zituen aspalditik euskaldunak eta euskaltzaleak. Bere heriotzak galera handia ekarri duela adierazi zuten askok atzo eta, samina goxatzeko modu bakarra dela, hain zuzen, bere ondarea bertan gelditu dela pentsatzea. Bidea ireki zuela goraipatu zuten ere eta, «argia» joan dela aitortu arren, bere ibilbidearekin jarraitzeko konpromisoa hartu zuten maite zutenek. Hori da aurrerantzean bidea egiteko hartu beharreko iparrorratza. Jon Benito eta Koldo Izagirre idazlea, Ramon Agirre aktorea, Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea edota Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatua ere izan ziren azken agurra eman ziotenen artean.

Ramon LABAIEN, Laguna: «Pieza bateko gizona zen»

Ia adin bera dute eta ibilbide ia paraleloa izan dute Labaienek eta Txillardegik. «Lehenengo Jose Luis zen, gero Txillardegi -argitu nahi izan zuen-. Bere burua euskaldun bihurtu zuen gizona zen, jo eta ke lanean, gaztetan ezagutu nuenean ez baitzekien euskaraz eta gero ikasi baitzuen. Euskarari hainbeste eman dion gizona da eta euskarak hainbeste zor diona, nahiz eta aitortu behar ziotenek ez dioten inoiz aitortu. Gazte denboratan Franko hankaz gora jarri nahi genuen eta gure ametsa zen ea nola berpiztuko genuen Euskadi independente bat». Gerrako haur hauek denborarekin ibilbide desberdinak hartu zituzten, batez ere politikari dagokionez, baina «azken urteetan gure bideak berriro hurbildu egin dira», zioen. Bilakaera politikoari dagokionez, Txillardegi «idealistatzat» jo zuen. «Mundu honi buelta eman nahi zion eta iraultzaile bat zen. Bestalde, pieza bateko gizona zen, intelektualki zorrotza, nahi baduzu ere zakarra, ergelkeriak ez zituelako onartzen. Pieza bateko gizona zen, gizon garbia».

Zigor ETXABURUA, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria: «Berak egindako bidea jarraitzeko prest gaude»

Euskararen normalizazioaren alde egindakoari esker, beste askok ikasi duten guztia goraipatu zuen Etxaburuak, «bidegile» izan dela iritzita. «Gizon handi bat galdu dugu, eta argia galduko dugu -esan zuen-, baina prest gaude berak egindako bidea guk jarraitzeko».

Aurreko egunean beilatokira gerturatu zirenek adierazi zuten bezala, «iraultzailea» zela esan zuen, baita «integroa, erabat integroa, eta aldi berean apala» ere.

Mariano FERRER, Kazetaria: «Aldaketa ematen ari denaren sentsazioa dut»

«Agian besteen bidetik aldenduko naiz hau esanda, oso erraza baita politikari, idazle eta euskaltzalea zen Txillardegiz mintzatzea, Euskal Herrian hainbeste jenderen kontzientziatzailea den horretaz mintzatzea», adierazi zuen kazetariak. Ezin izan zuen, «adinagatik agian», ikuspegi pertsonaletik hitz egitea saihestu. «Ikusten dut nire bizitza partikularrean eta, denon bizitzan orokorrean, esanahi handia izan duten pertsonak pixkanaka desagertzen ari direla. Eta halako aldaketaren sentsazioa dut...», erantsi zuen.

Hausnarketa sakonetan murgildu zen Ferrer aurreko egunean heriotzaren berri izan zuenetik. Lehenengoa, bizi garenok haiengandik «zenbat gauza on aprobetxatuko ote ditugun», eta, bigarrena, «zenbat gauza utziko ote ditugun aprobetxatu gabe, beraientzat, bestalde, hain inportanteak zirenak». «Errespetu osoa merezi duen gizona da», ondorioztatu zuen.

Juan Mari TORREALDAI, Soziologoa eta euskaltzaina: «Distantziarekin bere irudia handituko zaigu»

Gertutik ezagutzen zuen «Jakin» aldizkariko zuzendariak. «Txillardegi gauza asko izan da -azpimarratu nahi izan zuen atzo- eta gauza berri askoren abiapuntua izan da: Euskal Herri berriaren abiapuntuan egon da, euskaltzaletasunean, herriaren abiapuntuan... eta gero nobelagintzan eta euskara batuaren abiapuntuan ere. Hitz batean zaila da laburbiltzea zer izan den, baina esango nuke distantziarekin bere irudia handituko zaigula. Nik beti izan dut etxeko anaia zahar bat izango balitz bezala, beti aitzindari; guk beti bere ildotik jarraitu dugu». Bere ustez, asko zor diogu Txillardegiri bere ausardiagatik -«oso larrutik ordaindu duen ausardia gainera»-, baita bere inkonformismo intelektuala gizartean zabaldu zuelako.

«Alderdi politikoen gainetik beti jartzen zuen euskara, eta horretan Martin Ugalderekin lotura ikusten diot -gehitu zuen-. Gaur egun naturala iruditzen zaigun hori bere garaian ez zen horrela, eta hori zor diogu Txillardegiri ere. Badakigu euskara batuak guraso asko dituela, baina niretzat, ez bakarrik linguistikagatik, baizik eta beste gauza askogatik, Txillardegi euskara batuaren gurasoa izan da. Euskaltzaindiak bedeinkazioa eman zion martxan zegoen prozesu bati, eta hor bultzatzailea Txillardegi izan zen»

Paul BILBAO, Kontseilua: «Bere adorea ez zen bulegoan gelditzen»

«Euskal soziolinguistikaren lehen urratsak berak eman zituen. Uste dut euskararen beharretik ekarpenak egiten zituen gizona izan zela Txillardegi, marketin instituzionalaz harago», esan zuen, segituan pertsona gisa nolakoa zen azaltzeko. «Adorea zuen bai horixe, baina bere adorea ez zen bulegoan geratzen zen horietakoa, kalera ere irteten baitzen, salatu behar zenean salatzeko, baina beti modu eraikitzailean».

Pasadizo ugaridun gizona, Bilbaok gogoratu zuen nola orain dela urte batzuk, erakundeetatik «euskaldunoi leporatzen zigutenean euskara ez genuela erabiltzen, are gehiago, euskaldunok zabarkeriaz tratatzen genuela gure hizkuntza», berak erakutsi zuen «ezagutzak gora egiten ez zuen bitartean erabilerari ezin geniola gehiago eskatu». Bere ustez, «matematikoki erakutsi zuen euskaldunok oro har atxikimendu handia agertzen diogula hizkuntzari, orduko diskurtsoak gezurtatuz». «Bidelagun izan dugu, eta, inoiz gure hizkuntzaren berreskurapenaz mintzatzean, Txillardegik ohorezko lekua hartuko du», ondorioztatu zuen.

Juan Mari IRIGOIEN, Idazlea: «Jende gutxik eman dio herri honi berak adina»

Hitzak soberan zeudela adierazita, heriotza «sekulako galera» izan dela esan zuen. «Esango nuke jende gutxik eman diola herri honi, Euskal Herriari, gizon honek eman dion adina».

Blanca URGELL, Kultura sailburua: «Ekarpen erraldoia egin dio euskalgintzari»

«Nik uste Txillardegik ekarpen erraldoia egin diola euskalgintzari -adierazi zion Euskadi Irratiari-. Euskalgintzan batez ere bultzatzailea izan da, eta hasieratik euskara batua eratzen hasi zenetik horretan egon zen. Beraz, alde horretatik gure hizkuntzaren normalizazioaren bultzatzaile bat izan da zalantzarik gabe». Batuaren alde egon zirenen artean bultza gehien egin zuenetarikoa izan zela uste du Urgellek, eta gogora ekarri zituen hizkuntzari bezala egin zituen ekarpenak, gramatika modernoa edo euskal fonologiaren inguruko ikerketak kasu. «Oso berritzailea izan zen, lehenengoz egin zuelako euskarazko eskuliburu bat euskara hutsean». Bere ibilbide politikoaz galdetzerakoan, «dena da estimagarri pertsona baten pentsamenduaren eboluzioan, horixe azpimarratuko nuke -adierazi zuen-. Berak gure herri honen garai asko ezagutu zituen eta garai bakoitzari erantzuna ematen saiatu zen. Nik azpimarratuko nuke, batez ere, bere azken garaian biolentziaren kontra eta bakearen alde egin zuen bidea».

Andres URRUTIA, Euskaltzainburua: «Haize berri bat, kalekoa, ekarri zuen euskarara»

Beste askok bezala, «erreferentea» erabili zuen Txillardegi laburbiltzeko. Hala ere, pentsalari teorikoaz gainera, «gizartearen barruko eragilea» zela iritzi zuen, hain zuzen ere, bi ezaugarri horiek dira, Urrutiaren ustez, bere lagunaren «biografian bete-betean» sartzen diren lorpenak.

Izerdi ugari bota zuen euskararen alde, lana eta lana normalizazioa lortzeko helburuaz. Gure hizkuntzara «haize berria» ekarri zuela adierazi zuen, hain zuzen «kaleko haizea». «Testu literarioetan, saiakeretan... irakurtzen genuen guztiak beste tenore bat zuen, beste espiritu bat zuen, beste esanahi bat», askorentzat «liluragarria» izan zena. «Hor ikusi genuen geure burua, hor ikusi genuen, euskararentzat hain giro latza zen hartan, itxaropen bat. Gidari izan dugu Txillardegi».

Ainhoa BEOLA, Aralar: «Ikasleek bere liburuez baliatu beharra dute»

«Sortzaile nabarmena», azken egunera arte lanean aritu zela goraipatu zuen. Are gehiago, «lanean baina elkarlanean» aritzen zela erantsi zuen: «Guk horretan badugu zer ikasi».

Ikasle garaiak etorri zitzaizkion gogora Beolari, bere liburu asko ikasgai izan zituela aipatuz. Besteak beste, Txillardegik gramatikan egindako lana errekonozituz; bere iritziz, «Euskal filologia ikasten ari den pertsona orok ezinbestean eskura izan behar ditu Jose Luisen sormen lan haiek guztiak».

Xabier MENDIGUREN BEREZIARTU, Idazlea: «Hil arte, pentsatzen zuenaren arabera lanean»

Amore ematen ez zuena, «zalantzarik gabe, azken mendean eta aurreko erditik hona euskara batuan, literaturan eta, oro har, pentsamendu politikoan, ikono handia» zela esan zuen. Euskal Herri euskaldun baten aldarria hartuta -eta berezko merituei esker eskuratua-, «koherentzia handikoa» zela erantsi zuen, hil arte pentsatzen eta sinesten zuenaren arabera lanean jarraitu duena, «abiatutako bidea azkenera arte jorratuz».

Tasio ERKIZIA, Ezker abertzalea: «Siglarik ez da gai izan bere sormena biltzeko»

 Bere aburuz, Txillardegi zerbait izan bada, «euskararen izen handia, euskal kulturaren sortzaile eta bultzatzaile garrantzitsua, baita abertzalea ere» izan da.

Gizon handia zen Tasioren aburuz, eta «benetan herri gizona izan zelako, apala eta aberatsa, bere bihotza, bere iniziatiba eta sormena» alderdi edo sigla batzuek ezin izan dute sekula jaso, sekula bildu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo