GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Adolfo Arejita Euskaltzaina

Txillardegiren heriotzean

Txillardegik bere praxiaz erakutsi zigun gazterik, euskara «noranahikoa» zela, zientzia eta pentsaera gaietan barrena murgiltzeko Esker on eta goraintzi, Txillardegi, euskarari, euskal literaturari eta euskal gizarteari eman diozun guztiagatik, hutsaren truke

Bere izen-deiturez baino, Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi izengoitiaz ezagunagoa euskal gizartean, eta batez ere hizkuntza eta literaturaren eremuan gabiltzanontzat, joan zaigu gure artetik. Aspalditxoan isil antzean bagenuen ere, gaurko belaunaldi gazteek ere ezaguna dute Txillardegiren izena, zuzen edo zeharka haren hots eta aipuen uhinak eurongana ere aise heldu direlako.

Euskara lantzen dutenek, filologietan, itzulpengintzan edo maila ertainetan, entzunak dituzte ziur asko haren zenbait obra, batzuk aspaldikoak. Hala Larresoro goitizenaz argitaratu zuen «Sustrai bila» (1970), euskal gramatikaren «zenbait euskal korapilo» askatu nahirik idatzia, hurren argitaraldian ugariagotuko zuena, «Oinarri bila» (1977) izenburupean, «morfosintasian eta fonologian». Ezagunagoa dute, eta dugu agian, geroxeago aterako zuen «Euskal Gramatika» (1978) modu sistematiko eta didaktikoagoan lantzen zuena.

Euskal fonetika-fonologia ikasketetan landu behar izan dutenek, eta areago horrako gaiotan murgildu diren ikerlariek ezinbesteko erreferentzia izan dute, aitzindarietarik izan baita gai horiezaz goi ikaskuntzarako ikasliburu adiutuak prestatzen: «Euskal Fonologia» (1980) eta «Euskal azentuaz» (1984), aldizkari berezietan idatzi dituen ikerlanak aipatu beharrik gabe ere.

Euskara batuaren prozesua hasieratik ezagutu dugunok ondo dakigu Txillardegiren ekarriak eta iritziak horretan ere izan duen pisua, bai iritzi artikuluen bidez, bai hitzaldien bidez, zer esanik ez eta batez ere bere sorkuntza literarioaren bidez. Euskararen batasunaren aldeko lehian gazterik eta gihartsu sartu zen. Goizetikoa dugu nolabait 1974an atera zuen «Euskara batua zertan den» saioa. Iparraldeko euskararen berezitasunak eredu batuaren barnean nahi zituen; ez zuen ametitzen hegoaldeko hizkeretan oinarrituko zen eredu bat, iparraldekoa ere ondo kontuan hartuko zuena baizik. Abertzale zintzo legez Euskal Herri bat, ipar eta hego, nahi zukeen bezala, halaxe euskal hizkuntza batua ere. Mitxelenaren arrastotik ez urrun, inola ere.

Bestela ere lagun zaharra eta hurbila zuen Mitxelena, hizkuntza gaietan ez ezik, literatura eta pentsamoldeetan ere, politikaz arin banatu baziren ere euren bideak. Kidetasun horren lekuko dugu «Leturiaren egunkari ezkutua» (Bilbao 1957) narrazio-lan berritzaileari Mitxelenak egin zien hitzaurre fina eta ongietorrizkoa: «Eskerrak eman nahi nizkioke (...) eleberri hau euskeraz eman digulako», zioen azkenerantz, eta gogorarazten «eginbeharra ez dela sarritan nolanahi betetzen, heroismu hutsa eskatzen digula». Urte ilun, antzu eta zail haietan heroismorik asko zen, izan ere, Txillardegi bezalako gazte euskaldun berri batentzat holako erronka bati oratzea. Neu ere gaztetxoa nintzen, Bilbon «Euskaltzaindiaren ardurapean» argitaratu zen liburu mehe hori eskuratu eta irakurri nuenean. Haize berria zen euskal literaturan. Existentzialismoa ikasten geniharduen geure filosofiako ikasketetan, Sartre eta Camus zein ziren bagenekien, baina euskarazko literaturan Txillardegiren bidez sartu ginen itsaso horretan. Luze gabe etorriko ziren, bere aldian hots egin zuten beste eleberri bi: «Peru Leartzako» (1960) eta «Elsa Scheelen» (1969), biak bere atzerrialdian onduak, baina orduko gure euskara-eskoletan, berariaz literatura lantzen genuen ikastaroetan, zabal irakurriak eta aztertuak zirenak. Etxeratu ondoren ere sekula ez du bazter utzi eleberrigintza, «Haizeaz bestaldetik» (1979) obrarekin segida emanez.

Saioa euskaraz lantzea izan zuen Txillardegik beste urrats goiztiar berrikuntzetariko bat. Baionan edizio apal batez urratu zuen bidea 1965ean, «Huntaz eta hartaz» saio-bildumaz. Salbatore Mitxelena ere («Unamuno eta abendats», 1958) arlo horretan jarduna zen, Koldo Mitxelena bezala eta geroxeago Joxe Azurmendi («Hizkuntza, etnia eta marxismoa», 1969) izango genuen bezala. Txillardegik bere praxiaz erakutsi zigun gazterik, euskara «noranahikoa» zela, zientzia eta pentsaera gaietan barrena murgiltzeko.

Aldizkarietan barrena artikulu asko idatzia da, politika, filosofia, hizkuntza, literatura, historia zein osteango gaiez. Horien sorta hautatuak egin eta gizarteratzeko ordua heldu ote den nago.

Labur epaituz, beldur barik esan daiteke beste batzuekin batera, gudu ondoko euskal gizartearen joan-etorrian pentsaera aldetik eraginik handienetarikoa izan duen idazle, politiko eta pentsalaria izan dugula Txillardegi. Gizon maitagarria eta maitatua, beraren iritzi zorrotzak batzuetan mingarri gertatu arren zenbaiti.

Esker on eta goraintzi, Txillardegi, euskarari, euskal literaturari eta euskal gizarteari eman diozun guztiagatik, hutsaren truke. Gogoan zaitugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo