Arantza Santesteban Historialaria
(Ama) izan edo ez izan
Oro har diskurtso hegemonikoetatik mailegu asko hartzen ditugu sarritan eta nahi gabe errepikatzen dira oso kontserbadoreak diren esapideak2012. urte apokaliptikoan lerrook idazten dituenak Jesukristok hil zenean omen zuen adina beteko du. Urteak betetzearen ezinbestekotasunak eta XX kromosomarekin jaio nintzelako-edo, azkenaldian bada atzetik segika dudan itzal moduko bat. Galdera moduan agertzen zait askotan, begirada zelatari moduan beste batzuetan eta epai antzera bestetan: «Eta umeak noizko?». Aitortzen dut: ez dut erantzunik. Baina badut intuizio moduko bat normalean eramaten nauena honakoa erantzutera: «Zeinek daki, erloju biologikoak estutzen badu ere ez dut neure burua ama bezala ikusten». Honen aurrean badira aliatu moduan begiratzen nauten gutxi batzuk, beste batzuek jarrera ulerkorraz erantzuten didate; ostera, gehiengo batek gero eta gehiago sumintzen nauen erantzuna botatzen du: umerik ez izatea jarrera berekoia omen da.
Berekoia. Pentsatzen ibili naiz egoera honi lotuta hitzak zer adiera izan dezakeen, eta honakoa ondorioztatu dut. Historikoki emakumeoi egokitu zaigun umeak izan, hezi eta zaintzearen rola betetzea hautatzen ez dugunean eta amatasunari lotuak ez dauden bizi ereduak lehenesten ditugunean geurekoiak omen gara. Beraz, esan dezadan: egitura patriarkalak emakumeoi modu altruista batean oinordekoak maitatu eta zaintzeko ezarririko betebehar horri uko egitea berekoia bada, nik neurekoia izan nahi dut.
Edozein kasutan badira jendarte honetan eraikitako diskurtso hegemoniko ugari, askotan pentsatu gabe esaten ditugunak, eta nago berekoikeriaren erantzun orokortu hau horien artean dagoela. Izan ere, argudioari buelta emango bagenio, ez al dira berekoiak neurri batean emakume eta gizon askok umeak izateko dituzten arrazoiak? «Nirea izango den izaki bat nahi dut», «Ez dut bakarrik zahartu nahi» edota «Ama ez banaiz, zer izango naiz?». Erantzun hauek ere nahikoa berekoiak iruditzen zaizkit.
Era berean, honakoa eztabaida identitarioa ere badela uste dut. Eskuinak eta botere kontserbadoreak emakumearen identitatea amatasunean oinarritu izan du historikoki eta horrela egiten jarraitzen du. Eskuinarentzat ama ez izatea erabakitzen duen emakumea, emakume osatu gabea da. Nik ez dut eskuinean aritzen den lagunik, ezagunen bat akaso; neurekoia naizela esan didaten asko ezkerrekoak dira, ordea, organikoki ezkerrekoak. Ez dut uste ezkerrak posizio finkorik izan duenik gai honen inguruan, ez badira feminismotik egin diren proposamenak izan. Baina oro har diskurtso hegemonikoetatik mailegu asko hartzen ditugu sarritan eta nahi gabe errepikatzen dira oso kontserbadoreak diren esapideak.
Hemen ere entzun izan dugu iraultza egiteko umeak modu masiboan eduki behar zirela. Agian, horregatik luzatu izan dizkigute begirada arraroak emakume abertzale eta ezkertiar askori seme-alabak izatearen inguruko zalantzak agertu ditugunean. Eta nago, ezkertiarrok gure buruari gehiago eskatu beharko geniokeela; hasteko, rol hegemonikoa onartu ez eta bestelako erabakiak hartzen dituzten emakumeak babestea. Eta honekin batera, norberaren erabaki librearen araberako amatasuna eta aitatasuna aldarrikatzea.