GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskuin muturraren diskurtso autoritarioa legeetara iritsi da, eta ez Hungarian bakarrik

Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek Europako Batzordeari erantzun zion atzo bere herrialdeko Konstituzio berria aldatzeko prest dagoela, Europar Batasunaren balioekiko bateragarritasunaren gaineko zalantzak eragin litzaketen puntuei dagokienez. Orbanek «komunismoaren herentzia atzean uzteko» ahalegina aipatuz zuritu nahi izan zituen Konstituzio berriak lege bihurtzen dituen gehiegikeriak. Nolanahi ere, legeren bat dela-eta europar agintariek Hungariari desadostasuna erakutsi dioten lehen aldia ere ez da.

EBk estatuen jarrera autoritarioaren aurkako presioa egitea zuzena eta beharrezkoa da. Hala ere, Hungaria ez da eskuin muturraren diskurtso eta praktika arriskutsuetarantz lerratuz doan herrialde bakarra; urrunera gabe, Polonia bide beretik abiatu zen aspaldi. Baina Europako Batzordeak ez luke ekialdera bakarrik begiratu behar, Batasun osoan barrena hedatu eta indartzen ari baita diskurtso hori, eta hainbat herrialdetan oinarrizko zenbait eskubide demokratiko mugatu eta urratzen dituzten jarrerak eta are norabide bereko legeak ere gero eta ohikoagoak dira. Herrialde bakar bati errieta egitea baino erronka handiagoa du Europar Batasunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo