GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oarsoaldeko gazteen kontrako epaia beste eraso bat dela dio Eleak ekimenak

Auzitegi Nazionalak joan den astelehenean iragarri zuen epaia «errespetuan oinarritutako bidearen kontrako beste eraso bat» dela adierazi du Eleak mugimenduak, eta Oarsoaldeko sei gazteen delitu bakarra beren eskubide politikoen alde lan egitea izan zela gaineratu dute.

p014_f01_148x108.jpg

Ion SALGADO | ERRENTERIA

Eleak mugimenduak gogor kritikatu zuen atzo joan den astelehenean Auzitegi Nazionalak Oarsoaldeko sei gazteren kontra eman zuen epaia: sei urte inguruko kartzela zigorra ezarri diote bakoitzari Segiko kideak izatea leporatuta. Eskubide zibil eta politikoak defendatzeko sortutako erakundearen iritziz, Madrilgo epaitegiak adostu duen zigorra «errespetuan oinarritutako bidearen kontrako beste eraso bat da».

Mugimendu zibileko kideek atzo Errenterian eskainitako prentsaurreko batean adierazi zuten bezala, Oarsoaldeko «gazte hauen delitu bakarra beraien eskubideen alde gazte mugimenduan lan egitea da, eta koloretako Euskal Herri bat amestu eta horren eraikuntzan lan egitea».

Hala ere, Eleak elkarteak nabarmendu zuen Oarsoaldeko gazteena ez dela Gipuzkoako kasu bakarra. Ekimeneko arduradunek gogora ekarri zutenez, herrialdean 111 dira jarduera politiko hutsagatik auzipetuta edo sententziaren zain dauden lagunak. «Jardun politikoa ezin da kriminalizatu pertsonak eta ideiak auzibidean jarriz. Horregatik, Segikoa izatearen akusaziopean auzipetuta, sententziaren zain edota kondenatuta dauden gazteen aurkako eraso judiziala Euskal Herriaren aurkako erasoa da», salatu zuten.

«Horren aurrean ezin dugu geldirik egon, eskubide guztien aldeko harresia eratzea beharrezkoa da. Garbi utzi behar dugu pertsona oro inolako bazterkeria eta salbuespen gabe bere eskubide guztien jabe dela», esan zuten Errenteriako agerraldian bildutakoek.

Aske Gunea

Bide horretan, iganderako manifestazio deialdia egin zuen Eleak mugimenduak. Iragarritako mobilizazioa, «Epaiketa politikorik ez, zigorrik ez! Euskal gazteria libre eta legala» leloa izango duena, 12.00etan abiatuko da Errenteriako Lartzabalgo anbulatoriotik Arenalera. «Gazte hauen absoluzioa, beren eskubideekiko begirunea eta epaiketa politiko guztien amaiera lortze aldera indarrak batzera gonbidatu nahi dugu euskal jendartea», azaldu zuten.

Dena den, ekimen nagusia bihar abiatuko dute Errenteriako Herriko Enparantzan. Oarsoaldeko gazteek Aske Gunea izeneko kanpaldia abiatuko dute iluntzeko zortzi eta erdietatik aurrera. Etzi elkarretaratzea egingo dute manifestazioaren aurretik.

AGIRREZABALAGA

Errenterian eskainitako prentsaurrekoan politikariak eta Oarsoaldeko gazteak bildu ziren. Horien artean Juanjo Agirrezabalaga EAko legebiltzarkidea zegoen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo