Azpeitiko danborradari beste konpainia bat batuko zaio aurten
Iazko 26 konpainiei beste bat gehitu zaie aurten. Guztira 1.400 azpeitiar inguruk hartuko dute parte gaur gauean helduen danborradan. Ordu batzuen bueltan hemen izango dira San Sebastian jaiak, askoren festarik kutunenak. Hogeita lau orduko festan gaztetxoek ere hartuko dute parte, 600 inguruk. Urtero bezala, omenduak ere izango dira. Gauean Imanol Eliasen txanda izango da eta bihar Itziar Oiarzabal eta Maria Jesus Garmendiarena.
GARA | AZPEITIA
Ordu gutxi barru Azpeitia erabat itxuraldatuko da. Herritar askok urte osoan zehar memorian gordeta izaten duten egun handia iritsi baita dagoeneko. Hogeita lau ordu bero ekarriko ditu San Sebastian festak, gaur 22.15etik aurrera hasiko denak. Ordutegia da aurtengo nobedadeetako bat, betiko ordutegiari helduko baitiote. Aurreko urtean ordubete atzeratu izan dute eta herritarren artean asko gustatu ez zenez, betiko ohiturara bueltatzea erabaki dute. Horretaz gain, iazkoez gain, beste konpainia bat ere izango da gaur gaueko helduen danborradan, Oinatzbideko Gastadoreak hain zuzen ere. Guztira, 1.400 herritar inguru ibiliko dira danbor eta barrika jotzen.
Danborrariak gero eta gehiago izanik, Damasoko itzulia kentzea erabaki du festa batzordeak, hala denbora irabazi ahal izateko. Kalean gora eta behera ibiliko dira eta txoko guztiak musikaz eta jendez beterik izango dira segur aski, festari eutsi eta neguko hotzean indarberritzeko.
Sarriegiren martxa jotzeko unea iritsi baino bost minutu lehenago, gauerdian alegia, Josu Oiarzabal, Xenpelar, azpeitiar bertsolariak bertsoa abestuko du herriko plazan, eta danbor-joleek «Euskal presoak Euskal Herrira» lelodun pankarta zabalduko dute; hau ere herriko plazan. Hori da Egin Dezagun Bidea ekimenak proposatu zuena eta hala onartu zuten danbor konpainiek joan den astelehenean izandako entseguan.
Omenduak
Urtero legez, aurten ere izango dira omenduak herrian. Azpeitiko herriaren alde hainbat arlotan egindako lana goraipatu eta aitortzeko, Udalak Imanol Elias azpeitiarra omentzea erabaki du helduen danborradan. Imanol Elias herriko alkate ere izan zen 1983-1985 artean, baina politikagintzaz gain, antzezlan eta ipuin idazle edo olerkari gisa ere nabarmendu da. Hori Sarriegiren martxa jo ondoren izango da, udaletxean bertan.
Gaua eta eguna uztartzeko arriskuari aurre eginez eta aurreneko eguzki izpiekin, herriko gaztetxoek hartuko diete txanda nagusiei. Hauek ere ez dira atzean geldituko eta 600 bat ibiliko dira herriko kaleetan barrena danborrak astintzen nagusiak begira dituztela. Horiekin batera ibiliko da, kalean bueltaka, karroza. Aurten, Ikasberri ikastolari tokatu zaio karroza eraman eta gastadoreak izateko ardura.
Haurren danborradarekin batera herriko beste bi emakume omenduko dituzte udaletxean. Itziar Oiarzabalek eta Maria Jesus Garmendiak hogei urte baino gehiago eman dituzte Erregeen Kabalgatan boluntario lanetan. Borondatezko lan hori dela-eta aitorpena jaso ahal izango dute. Herriko zezen tradizioari eutsiz arratsaldean sokamuturra izango da, 16.30etik aurrera.
Bandera jaistea
Etenik gabeko hogeita lau orduko festari bukaera emateko ekitaldia 22.45ean hasiko da. Udalean jasotako hainbat eskakizuni erantzunez, Xanjuandegi auzotik hasiko da aurten berritasun gisa. Ekitaldian parte hartuko duten taldeak sei izango dira: Loiolabide Zahar, Oinatzbideko Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi eta Harkaitza.
Aurtengoan festak asteburuari lotuta datoz, gaitz erdi beraz. Larunbatean umeentzako jolasak eta igandean sokako zezena izateak festek utzitako ajea zertxobait arinago izaten lagunduko die azpeitiarrei ziur asko.
Danborradetako arduradunek Egin Dezagun Bidea ekimenaren proposamena onartu dute aste honetan bertan. Beraz, gaur gauean Josu Oiarzabal, «Xenpelar», bertsolariak kantatuko du, eta danbor-joleek euskal presoen Euskal herriratzearen pankarta zabalduko dute.